1500 euroko soldatarekin ailegatu zen langile ertaina krisira, 1200koarekin irten da tunel horretatik. Nora joan dira 300 euro horiek? Ez dago esan beharrik, baina esango dut: enpresarien eskuetara.

Iaz Ciudadanosek kostata bultzatu zuen Martxoaren 8ko greba eta mobilizazioa, haiek ez omen ziren feministak, feminismoa erradikala delakoz, gizonen kontra egiten duelako.

Aurten, Ana Patricia Botin bezalakoen adierazpenak irakurrita eta kalean izan zen mobilizaio demasekoa aztertuta -erraz irudikatzen ditut Albert Rivera eta enparauak mahairen bueltan olatu hori harrapatu beharrekoa dela erabakitzen- feminismo liberala aurkeztu dute, Javier Marotoren gaytasun liberalaren antzeko kontzeptua; gogoratu Maroto Trantsizioan homosexualen aldeko borrokan parte hartu eta sexu berezkoen ezkontzaren alde sutsu aritutakoa dela.

Feminismo liberalak gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala gutxitu nahi du baina ez du inola ere zalantzan jartzen arrakalaren txikitzea behetik berdindu izana, hau da, ez dira emakume langileen soldatak gora egin dutenak baizik eta gizon langileenak behera egidakoak mundu justuagoa eraikitzearen logikak eskatzen duenaz bestela. Zer feminismoaz ari garenean, mundu justuago bat eraikitzeaz ari gara, ezta?

Gizonok ditugun eskuduntzak zer dira eskubide ala pribilegio? Pribilegio dira eta eskubide uste ditugu, beraz, gure pribilegio batzuk galdu behar ditugu besteen, emakume kasu honetan, eskubide bilaka daitezen. Feminismo liberalak gizonen kontra jotzea eta sexuen gerra areagotzea deritzo horri. Liberal ekonomikoek, halaber, antzeko irizten diote galdera honi: enpresariek eta elite ekonomikoen eskuduntzak zer dira eskubide ala pribilegio? Irabazitako eskubide direla diote, sistema haien alde dagoela ezkutatuz. Eta pribilegio direla diotenek komunismoa ezarri nahi dute, matxinoak dira, ordenaren kontra daude eta, deskuidoan, terrorista ere bilaka daitezke erraz asko. Beharbada ez naiz egokiena Ines Arrimadas eta Ana Patricia Botini haien feminismoa jolasekoa dela esateko, baina norbaitek esan beharko lieke.