JANZTEA gauza inportantea da, egunero egiten dugu. Janzkerarekin gure buruen irudia ematen dugu norberaren aurrean eta besterenean; niri janztea gustatu egiten zait, esan nahi dut nire burua ispiluan begiratzeko ohitura dudala, hau eta ez hura aukeratzen dudala, nahiz eta nire armairua, arroparena ez bestea, ez egon beterik eta gero eta nagi gehiago eman erostera joateak.

Jakin badakit mundu loka honetan arroparen industriak Asia erdia esklabotzara kondenatu duela, baso eta ibaiak kutsatzen dituela tinduekin, erreka arrosak, esaterako, sortzeraino, eta, ederki dakit, erositako kamisetak hiru euro balio baditu, norbait ez dela dagokiona kobratzen ari, eta ez dela preziso Amancio Prada bezalako bat.

Badakit goi mailako modaren arloa kapitalismo berantiarraren afruskerien erakusleihoa dela; eliteek bere buruak jainko moduan islaturik ikusten dituzten ispilua; badakit modak hilkorron eremutik mila kilometrotara daudela sinesarazteko balio diela, eta modako mundukoek, Karl Lagerfeldek, esaterako, horretan laguntzen diela. Badakit, enfin, janzkeraz harantz modaren mundua turbokapitalismoaren eremua dela baina...

Baina txunditurik ikusten nituen aipatuak egiten zituen desfileak, lotsa apur batekin, hori bai, aipatutako arrazoi horiengatik eta emakumeen kontuekin ari nintzelako. Ai-tzakia ere izaten nuen: Gizona bere bakardadean nobelako tesia, alegia, horren dela garrantzitsua gizakion ez-beharrezkorako joera ezen iraultzak hori kontuan ez hartzeagatik egin zuela porrot.

Irudia ezaguna egin zaigu, motoka zuri bildua, alkandora zuria, gorbata eta traje beltza, eskularru ebakiak, bastoia. Hil egin da. Ez dut esango artista, baina bai ikaragarrizko artisaua. Hil da, gainera, atzean izugarrizko dirutza utzirik.

Eta nori utziko zati handi bat eta bere katu Choupette-ri. Instagram eta Twitter kontuak dituen katu horri. Ergela iruditu zait. Jakina da artistak ez direla beti pertsona moduan beren obren mailan egoten; Proust, esaterako, jasanezina omen zen; zer esan Celineri buruz?

Erraza da ordu eta orduak Bangladesheko tailerrean makurtuta dagoen emakumeaz akordatzea. Hau mundua!