BADIRA gure hirian kaleak, plazak, zubiak edota eraikinak izen batekin bataiatuak izan direnak. Gizairudiak, eskulturak eta bestelako omenaldi artistikoak ere Bilboko txoko askotan jarriak izan dira garai zehatz bateko pertsonaia batek hala merezi izan zuelako (kasu batzuetan). Beste asko arrazoi politikoak direla medio, kentzen ari dira, zorionez.

Aurreko asteetan, geure hiriko mapako etorbide, kantoi eta pasabideen artean ezaguna den izen bati buruzko liburu bat plazaratu zen: Casilda Iturrizar Urquijo. Viuda de Epalza (1818-1900). Una biografía. Zenbat bider paseatu dugu, gora eta behera, txorien txirritxoak entzunez, Casilda Iturrizar parketik, edota Epaltzaren alargunaren kalea kurritu, Areatzara joateko?

Bilbao 700 Fundazioak argitaratu du Bilbogileak bilduman, joan den mendeko emakume filantropo horren bizitza. Eta filantropo hitza erabili behar da, emakumearen nahirik behinena “inguruko gizaki ahulenen hazkunde pertsonalerako baliabideak eskaintzea” izan baitzen.

Hor aipatzen den bezala, jatorri xumekoa zen andrea, eta Tomas Jose de Epalza senarrak utzitako diru mordoa ezdeuskerietan xahutu beharrean, ondasunak ondo kudeatu eta areagotu zituen, eta sasoi hartako gizartean hobekun-tzak egin zituen ongintzako lanetan erabiliz, eta hala, modu batean edo bestean, jende askoren bizimodua eztitu zuen, behartsuenei edo behartsuen erakundeei laguntza handia eman baitzien. Baina askotan adierazi den bezala, berak emandako dirua ez zen limosna, pertsona askoren garapen eta hazkunde pertsonalerako baliabide gisan erabilia izan baitzen.

Hala etorri ziren, Bizkaiko Ume Abandonatuen Etxea, Erruki Etxea, neska umezurtzentzako ezkonsariak, Ospitale Zibila, Mariaren Bihotzaren misiolariak, elizako ikasketak eta ikasketa zibilak egiteko bekak (Epaltzaren alargunaren bekak gaur egun), neska umezur-tzak, eta abar.

Jende askorengan gertatzen den moduan bere akatsak izango zituen (han ere txakurrak oinutsik, diogu askotan), baina besteengan pentsa-tzen duten pertsonak atsegin zaizkit, eta seguruenik beste ba-tzuentzat erreferente izango dira.