Hala, euskal estatutua da egoera berrietara egokitu ez den bakarrenetarikoa, denbora luzea igaro den arren. Atzera begiratzen badugu, gure gizartea biziki aldatu da 42 urte hauetan, bestelako errealitateek azaleratu eta begiz jo gabeko premiak agertu dira eta. Ondorioz, komeni da gure oinarrizko araubidea gaurkotzea, besteak beste, errealitate eta belaunaldi berrien kezkek eta proposamenek isla izan dezaten. Kontua da, araubide berriak oinarritzat hartu behar duela aurrekoak irekitako bidea eta, hortaz, ezinbestekoa da gure erakundeek, oso-osorik eta inolako aitzakiarik gabe, dagozkien eskumenak albait arinen eskura ditzaten, horiexek direlako etor daitekeenaren abiaburua!

Estatutuak irekitako aukerak gutxietsi zituztenek albait goren jarri nahi dute langa, orain arte lortutakoa bazterrean lagaz eta kontuan hartu gabe gure gizartea askotarikoa dela. Afera beste bat da, ordea: aurrera egiten lagunduko digun tresna bat erdietsi nahi den edo, besterik gabe, estatuarekiko aurrez aurrekoa lehenetsi nahi den, herri gisa aurrera egiten lagun diezagukeen aurrerapauso oro ezinezko eginez. Beste batzuek gai batzuetan jartzen dute arreta, orain artekoari lifting an-tzekoa egitea bilatuz. Bistan denez, gizarte gaietan aurrera egitea garrantzitsua da. Seguruenik, horretara mugatuko balitz estatutuaren eguneratzea honezkero eginda legoke. Alabaina, horretaz gain, ezinbestekoa da estatuaren eta Euskadiren arteko harremanen oinarrietan aurrera egitea.

Aurrera, bai! Adosten dena nahierara interpretatzeko izan den jokabideari muga jarriz, bai eta euskal herritarrek aldian-aldian izan ditzaketen nahi edo ametsei ere gaindiezinezko hormarik jarri gabe. Izan ere, autogobernua ezin bilaka daiteke totem mugiezina, gizartea eraldatu ahala eguneratzeko barne-indarra izan behar du eta. Estatutu berria gobernagarritasun partekatuaren printzipioan ardaztea ere komeni da, bai barrura, gure erakundeak ain-tzat hartuz, bai eta kanpora, estatuari eta Europako erakundeei begira. Halaber, estatutu berriak beste erronka batzuei ere erantzun behar die, adibidez, euskara eta euskal kulturari bultzada berria emateari edota euskal lurraldeen arteko harremanak indartzeko eta garatzeko aukera berriak ireki-tzeari.