Aurreko mendean, 1957-1977 aldian gertatu zen Espainian jaiotze-tasaren hazkunderik nabarmenena. Arrazoiak ugariak ziren: Bigarren Mundu Gerraren ondorioak gainditzen ari ziren; berrogeita hamarreko hamarkadan, hazkunde ekonomiko indartsua suertatu zen; elikadura eta osasun-baldintzak hobetu ziren eta abar. Horrek ekarri zuen adin-piramidearen behealdea zabala izatea eta goialdea estua. Gure gurasoek erretiroa hartu zutenean, jende ugari ari zen kotizatzen eta baldintza onetan ari zen lanean, oro har. Beraz, horren kontura eta ez, uste denaren kontra, norberak urteetan ereindakoaren ondorioz, erretiroa har-tzeko adina laburtu eta baldin-tzak hobetu ziren... Esan gabe doa enpresa batzuk, horien artean, publikoak, egoeraz baliatu zirela langileak gainetik kendu eta jende andana erretirora bidaltzeko.

Mementoari begirako erabaki arinak hartzeak eta adabakiak jartzen ibiltzeak sorrarazi du egungo pentsio-sistema jasanezin bilakatzea.

Bizi-itxaropen luzeagoak, langabezia-tasa handiak, hainbat sektoretako lan-baldintzek, sektore batzuetatik sistemaren kontura erretiroa hartzeko adina aurreratzeko eta karga sozialak arintzeko egin den abusuak, iruzurrak, jardunbide desegokiek eta abarrek ezinkizun bihurtu dute sistemari egungo baldintzetan eustea. Egungo sistema hain da jasangaitza, ezen sakon-sakoneko erreforma egitea premia larriko kontua da... Eta horretara, justizia, belaunaldien arteko elkartasuna, norbanako bakoitzak sistemari egiten dion eta egin diezaiokeen ekarpena, zerga-sistema, kuoten sistema eta abar kontuan hartu beharko dira.

Halaber, zenbait jokabide oker ere zuzendu beharko dira, horien artean, urteetan gutxieneko kuota ordainduz, azken urteetan eta erretiroa albait baldintza onenetan hartzeko asmoz, kuotaren gehieneko kopurua ordaintzen aritu direnen auzia edota karga sozialak gainetik kentzeko asmoz, besteak beste, bankuek, telekomunikazio enpresek eta beste korporazio batzuek darabilten jokamoldeak dakarrena, enpresak elkartuz, deslokalizatuz eta, etekinen gosez, lanpostuak desagerraraziz, guztion ahalegina tarteko, ordaindu behar dena.