Aitortzen dut ez ditudala uler-tzen pertsona batzuek beste batzuez trufatzeko, horiek apalarazteko eta horiei iseka egiteko duten joera. Akaso, barrunbe ilunetatik azaleratutako konplexuak izango dira. Ezagutzen ez den edo jende batek onartzen ez duen horren aurka babestuago sentitzeko moduren bat izango da, bide batez, zure egiazko desirak ezkutatuz eta putzuan sartuz! Gainera, taldean egonez gero, kemendu eta, bidenabar, beste kolore, jatorri, sexu-joera eta abar dituztenak beheratzeko, mespretxatzeko eta nahierara jipoitzeko aukera eskainiko die. Kemendu, bai, inoren sufrimendua zimentarritzat hartzen duen harrokeria bidelagun dutela!

Hungariako gobernuak hainbat neurri hartu ditu gay eta lesbianen kontra. Azaldu dutenez, neurri horiei esker adinez txikikoak babestu nahi dituzte... Hungarian ez ezik, Europan zein munduan, neurriak har-tzen ari dira gure gizartearen habeak pitzatzen ari direnen kontra. Jakingo baituzu irakurle, juduak bezala, gizon homosexualak, emakume homosexualak, gizon zein emakume sentitzen ez direnak eta abar direla gure gizartea hondatzen ari direnak eta, ondorioz, jazarri eta baztertu beharrekoak direla. Horixe diote Errusian, horixe baita eskuin muturrean kokatzen direnen pentsabidea... Etsaiak bilatzea, asmatzea, garrantzitsua baita norberaren frustrazioen, ezintasunen eta zailtasunen errudun egiteko.

Asko egin da. Alabaina, are gehiago dago eginkizun! Ez gure arazo guztiak konpontzeko helduleku erraz bilakatu dugun hezkuntzan bakarrik, oro har, gizartean ere bai! Bereziki familietan, halako kontuez normaltasunez berba egitea ekiditen den eremuan, hedabideetan, elkarte eta erakundeetan, lan eta kirol arloetan... Horretxegatik da garrantzitsua norbera den modukoa izatea eta nonahi harrotasunez azaltzea, zurrumurruen gainetik eta mespretxuen azpitik bidea eginez eta espazioak irabaziz, normala dena are normalago dela erakutsiz. Izan ere, bizitza laburregia da beste batzuen joera berberak ez izateagatik errudun sentitzeko eta armairuan gordetzeko.