Baserritar baten berbetan, gero eta eskola gehiago eta, aldi berean, gero eta heziketa gutxiago antzematen da bazterretan, auto-gidari, motorzale, kaletar, guraso zein bestelako batzuen aldetik. Bistan denez, ez dira gehienak... baina bai esangura-tsuak, lagatzen dituzten arrasto lotsagarriengatik.

Jendea oinez edo bizikletan doala, abiadura muga errespetatzen ez duten auto eta motorzaleak, sekulako zarata eginez herri eta auzoetan barrena ibiltzen direnak; errepide, auzo-bideetako ertzak eta askotariko guneak, zerbeza eta freskagarri latez, plastikoz, paperez, maskaraz eta abarrez loratuta; baserritarren etsipenez, animalientzat jarritako hesiak apurtuta edo zabalik utzita; aske eramaten diren txakurrak, eremura ohituta ez daudenez, animaliei aurre egin eta izu-tzen dituztenak; ortuak eta abar, hondatuta, urte hasierako elurteen ondorioz, hainbatek baserri alboetan autoak edozelan utzi eta inguruan zegoen guztia triskildu ostean; edo landa-eremuetan autoa aparkatzeko toki nahikorik ez dagoela arrazoituta, espaloi gainean, berdeguneetan, oinezkoen pasabideetan eta herritarren etxeetako sarreretan aparkatzeko eskubidea dutela defendatzen dutenen jarrera eta abar.

Bazterrotan nagusitzen ari da, urtarrilaren hasieran, inguruan zitalkeriaren bat egiten ari zirela eta, kargu hartu zien baserritar neska gazte bati bost gazte astakirtenek emaniko erantzuna: mendia denona da eta zernahi egin dezakegu bertan, inguruan bizi eta inguru hori zaintzen dutenak gorabehera! Benetako izurritea dugu, bizikidetzaren gutxienekoak errespetatzeko gauza ez direnen partetik datorrena. Ezin, ordea, haltzari fruiturik eskatu baldin eta norbanakoak etxetik gutxienekorik ez badakar, hainbatetan, adinekoak baitira okerrenak, umeak aitzakiatzat hartuta.

Nago ez goazela bide onetik! Landa eta mendi-eremuak gero eta ahaztuxeago daude eta gero eta atzerago ageri dira herri-erakunde batzuen lehentasunen hurrenkeran. Izan ere, jende gutxi bizi da bertan, beraz, ez da kopuru esanguratsua, ez eta erabakigarria ere! Konpon daitezela! Bidenabar, heziketarik ez duten ba-tzuen enbatari bitartekorik gabe aurre egin beharrean daude landa eta mendi-eremuak, baserrietatik eta etxeetatik ia atera ezinean, beste batzuek narraskeriaz hartu baitituzte inguruak, eremu horietan bizi direnek, ez beste inork, zaintzen dituztenak.