ZURRITEAREN harira, badut ustea itsasaldien antzera gabiltzala, gora doanean mugikortasunari mugak ezartzen... eta behera doanean eskua zabaltzen, harik eta goranzko joaera berri batek itolarria eragin eta beste neurri murriztaile batzuk hartzera behartzen gaituen arte.

Iazko udaberrian, eskolara eta lanera bueltatzea bilakatu ziren eztabaidaren ardatz. Nolanahi ere, datuek erakutsi digutenez, eremu horiek dira seguruenak. Besterik da kontrolagaitzagoak diren eremuetan, aisialdian eta eremu pribatuan, jazotzen ari dena: ostalaritzako terrazak eta jantokiak beteta, lagunen arteko elkarretaratzeak, bazkariak, festak zein bestelakoak... norbaitek esango lukeen eran, harri berarekin ari gara, etengabe, estropezu egiten.

Ez du balio zaurgarrienek txertoa jaso dutela eta hilkortasun-tasa apaldu dela azpimarra-tzeak, bidenabar, birusari beldurra galtzen badiogu eta osasun-agintariek emaniko aholkuak bazterrean lagatzen baditugu. Izan ere, guztientzako txertoek eta txertatze-kanpainak hedadura zabalagoa har-tzen ez duten bitartean, neurriak betetzea eta betearaztea guztiz garrantzitsua da, baldin izurritea zabaltzea, aldaera berriei ateak irekitzea eta osasun sistema are gehiago zama-tzea nahi ez badugu. Beharbada, predikua alperrekoa da! Total, zerbait gertatuz gero, osasun-sistemak artatuko gaitu eta! Berdin digu horrek kudeaketa zailtzea, premia larrikoak ez diren ebakuntzak atzeratzea, neurri berriak hartzea badakar... Kontua da albait arinen bueltatu nahi dugula oraintsu arteko bizimoldera, edozein eratara bueltatu ere!

Eta neurri berriak hartu behar direnean, berriz iltzatuko da gugan etsipena, batzuek ordura arte zein ondo ibili diren gogoratzen duten bitartean. Beharbada, hainbat egonen da neurri berriek osasun agintariek emaniko gomendioak eta jarritako mugak betetzen saiatzen direnei eragingo diela gehien, beste batzuek berdin antzean, ahal duten guztia egiten segitzen duten bitartean!

Ohikoa izaten da gurean beste lurralde batzuekiko alderaketak egitea, bereziki, komeni zaizkigun arloetan. Inork gutxik azpimarratzen du halako ongizate-mailara iristeko gizatalde bakoitzak egin ohi duen ahalegin kolektiboa, erakutsi ohi dituen diziplina, besteekiko enpatia eta hurbiltasuna, besteak beste, tokatzen diren zergak ordainduz, ustelkeria eta iruzurra jazarriz, arduraz eta, aldi berean, zorroztasunez jokatuz eta abar. Horrela, izurriteari aurre egiteari buruz kanpoko ereduetako emaitzak aipatzen ditugunean, ohar gaitezen hainbatetan ez dagoela agintarien aldetik debekurik ezartzeko beharrik, herritarrak ohartzen baitira halako egoera bati aurre egiteko denon ekarpena behar-beharrezkoa dela.