Aldi berean, ezinezkoa zirudiena gertatu da. Zientzialarien kolaborazioa tarteko, inoizko eperik laburrenean eta ezarritako segurtasun protokolo guztiak beteta, sendagaiak aurkitu dira eta. Inork gutxik aurresan zezakeen urtebete geroago egoera honetan egongo ginena, aukeran eta bidean horrenbeste birus-kontrako izango genituena. Horrela, gutxi batzuek txertoen kontra esandako iritziak gorabehera, guztiak ere funtsik gabekoak, albait arinen txertaketaren aldeko jarrera nagusitu da. Alabaina, ez dago nahikoa txerto munduaren beharrizanak horren denbora laburrean asebetetzeko. Hortaz, ez dago beste biderik zaurgarrienak eta lehen lerroan dabiltzanak lehenestea baino... eta hor ere betikoa! Badira besteen aurretik txertatzea eskatzen ari diren gizataldeak.

Estatuan lau milioitik gora txerto jarri dira dagoeneko; hemen, berriz, ehun eta hogeita zazpi milatik gora. Jada milaka eta milaka dira immunizatu direnak. Edonondik begiratuta, itzela da osasun-zerbitzuek egiten diharduten ahalegina, areago, egoera ezegonkor batean, non agindutako txerto-kopurua ez den iristen, dosien arteko tartea desberdina den, txerto bakoitza adin-tarte jakin ba-tzuentzat egokiagoa den eta abar, eta abar. Izurriteak eragindako ustezko nekeaz hitz egiten ari garen honetan, aitor-tzen dut asperdura eta nekea, irrati eta telebista amatatu eragiteraino eta egunkarietako orrialdeak arin bai arin gainetik irakurtzeraino eragiten didatela batzuen letaniek, amaigabeko kritikak barne direla.

Edonola ere, batzuen jarreren azpitik zein gainetik aurrera goaz! Eta pentsatzekoa da aste hauetan pilatu den eskarmentua baliagarri suertatuko dela txertatze-kanpaina bizkortzeko eta indartzeko, txertoak jaso-tzeko emaria normalizatu ahala. Ondorioz, izan dezagun pazientzia, hau ez baita lasterketa bat eta inor ez baitabil norbait izorratzeko txertoak gordetzen... Pazientzia, bai, laurogeita hamar urteko amak aurreko asteburuan ilusio handiz esan zidanez, dena iristen baita eta datozen egunotan berari ere iritsiko baitzaio are lasaiago ibiltzeko tenorea, txertoari eta gure osasun sistemari esker.