Beharbada, sasoi bateko gizartean nagusi den asmoa, gero eta gutxiago aipatzen dena, gogoraraztea ez datorke txarto: zer egin dezaket besteen eta gizarte honen aurrerabidearen alde? Gutako bakoitzak zer ekarpen egin dezake izurrite honetatik denok batera albait ondoen atera ahal izateko? Izan ere, sutan jartzean eltzea nolakoa den probatzen den bezala, egungo egoerari ematen zaion erantzunak bakoitzaren mailaren nolakoa erakusteko ere balio digu.

Hilabeteak daramatzagu izurritearekin bueltaka eta aitortu behar dut zarata gero eta zarata ozenagoz estaltzen dabiltzanei ez diedala memento bakar batean ere entzun zein den erronka honi erantzuteko erarik eragingarriena. Kontraesanezko adierazpenak entzun ditugu konfinamendua areagotzeaz... bai eta arindu beharraz ere; eskolara bueltatzeari buruz sekulakoak en-tzun ditugu, nahiz eta jakin dakigun eskolak zarratzeak zaurgarrienei egin diela kalterik handiena; lanera bueltatzeari buruz zenbait esaldi lodi entzun eta irakurri ditugu, zuztarrik izan ez dutenak; txertaketa-kanpainari buruz beste horrenbeste eta abar.

Dena ez da ondo egin, horretan seguru! Ezezaguna den egoera bati erantzuten saiatzen denak hanka-sartzeak izan eta izango dituela bistan da, areago izurriteari aurre egiteko hartzen diren neurriak aurrera eramateko herritarren lankidetza ezinbestekoa denean, baina zein da oposizioan dauden alderdiek, zein egoeraz baliatuta ba-tzuen baldintzak hobetzeko sestra eta mobilizazio etengabean ari diren sindikatuek euren jokamoldeaz egiten duten balorazioa? Dena da on, koherente eta ederra?

Hil artean segi dezakegu elkarri mokoka... edo saia gaitezke, oinak lurrean paratuta, era eraikitzaile eta eragingarrian ekarpenak egiten, ataka zail bati herri erantzuna ematen! Baloreei, zailtasunei aurre egiteari, lankidetzan jarduteari, enpatiari, lagun hurkoa onartzeari eta abarrei buruz hezkuntzan esaten ditugunak gizartearen egunerokora eramaten saiatuko balira gure agintariak, ordezkariak zein bestelako arduradunak zein litzateke emaitza? Ezen, ematen ari garen irudia lotsagarria baita... Eta aurkakotasun hori gizartean isla-tzen ari da, ezinikusiak areagotuz, arrakalak indartuz, herritarrak nekatuz eta nazkatuz... eta horren eraginez, egoera are okerragoa izan dadin ahalbidetzen ari gara, ez beste ezer!