Hasi, emaniko arauak ezagutzen (jadanik, jendeak nekez esan dezake ez dituela emaniko arauak ezagutzen) eta betetzen ez dituzten pertsonetatik; segi, lehengo lantokietara eta eskoletara itzultzeko erreparoak jarri ?horietako hainbat nahiago baitute daudenean segi, dirauen artean, hori denboran sostenga-tzea ezinezkoa bada ere? eta hondartzak, bideak eta aisialdiko eremuak lepo betetzen dituztenekin; eta amaitu, sistema publikoa indartzeaz hitz egin eta zergak ordaintzen ez dituztenekin; edota kale bazterrak, parkeak, hondar-tzak eta aisialdi-eremuak zikinkeriaz lorrintzen dutenekin eta abar. Pertsonak gizartean bizi dira... Eta, izan badira, gizartearen bizkar bizi eta hala bizitzen jarraitu nahi dutenak.

Halakoek gaitzespena merezi dute gizartearen aldetik, halaxe egiten dute beste gizarte batzuetako herritarrek, gutxienekoak betetzen ez dituztenei, aurrez aurre, gauzak aditzera emanez. Norabide horretan denok ahalegindu beharko genuke gehiago, gutxi batzuek nahi duten guztia egiteko modurik izan ez dezaten!

Oraindik gainditu gabeko izurritearen kontuari, epe labur zein ertainera, munduan areagotuko den gosetea eta krisi ekonomiko larria gehituko zaizkio. Langabezia-tasek ikaragarri egingo dute gora mundu osoan, ehunka milaka lagunen bizi maila eskastuz, txirotasuna eta bazterkeria hedatuz. Horrek, migrazio berriak ez ezik, lurralde aberatsenek atakatik atera ahal izateko, beste batzuen ahuldadeez balia-tzea ekar dezake, tentsioa eta ezinegona nonahi zabalduz. Lurraldez haraindiko gainegituren aroa da. Krisi globalari erantzun orokorra emateko gauza gara ala ez daukagu aurrera egiteko inolako modurik.

Guri dagokigunez, guztiok pentsatu behar dugu ez daukagula orain arte bezala bizitzerik, aldi zaila, latza datorrela, alegia. Ondorioz, gu-guztiok gutxiagorekin konformatu eta daukaguna banatzen saiatu beharko dugu. Eskubidez harago, denok dauzkagun obligazioez sarriago hitz egin beharko dugu, orpoz orpo, eskuz esku gizartea berreraiki eta berriz abian jartzea nahi badugu. Herri-erantzuna eta sasoi bateko auzolana berreskuratu, politika publikoen lehentasunak birpentsatu beharko ditugu. Horri begira jarri behar dugu: pertsonak, herri erakundeak, sindikatuak, enpresaburuak eta abar. Demagogia oro bazter utzirik eta bakoitzak bere zilborrari begira egon barik... bestela, galduak gara!