GRAZIAN Adema Zaldubi lapurtarrak, 1893. urtean, Azpeitiko Euskal Jaietan, Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun bertso gogoangarria kantatu zuen. Bertsoan, euskal lurraldeen batasuna eta gure hizkuntzari, euskarari, eusteko aldarriak lotu zituen. Kontu hori ez zen berria gure artean. Izan ere, askoz lehenago, 1836. urtean, Agosti Xahok, Anton Abadiarekin elkarlanean, euskararen gramatikari buruz idatzitako liburua zazpi lurraldeetako euskaldunei eskaini baitzien. Beste alde batetik, Luis Luziano Bonaparte printzeak, hamarkada ba-tzuk geroago argitaraturiko euskalkien mapa, egun nonahi azaltzen dena, zazpi euskal probintzien mapatzat izendatu zuen.

Euskal lurralde guztien batasuna irudikatzen duen armarria 1892. urtean paratu eta aurkeztu zen lehenengoz Donibane Lohizunen. Bertan azaltzen dira, lehenengo aldiz, zazpi lurraldeen sei ikurrak -Nafarroa Garaia eta Beherea bakarra dutela- armarri bateratu batean. XIX. mendeko joera horrek bat egiten zuen euskal literaturak hainbatetan baliatzen zuen Euskal Herria izendapenarekin, betiere, euskal hizkuntzari erabat lotua zen terminoarekin, hots, euskararen lurraldeekin, bai eta gure Herriaren pizkunde politiko eta kulturalarekiko engaiamenduarekin. Izan ere, Hego Euskal Herrian, Espainian izaniko gerra dinastikoen edo karlistaldien ostean, Espainiako orduko gobernuak foruak indargabetu zituen eta gure autogobernua ia ezerezera eraman. Egoera horri aurre egin nahian, gure izaera gorde eta garatu nahian, sortu zen abertzaletasuna.

Abertzaletasunaren kezken artean, sasoi hartan galtzen ari zen hizkuntzari eustea, batzea eta noranahikoa egitea zegoen, bai eta nazio kon-tzientzia hedatzea ere eta, horretarako, nazio moderno baten ikur esangura-tsuak sortu ziren. Hortik datoz, besteak beste, Euskal Herria termino kultural eta linguistikotik Euskadi termino politikora eginiko jauzia, ikurrinaren ?nazio edo estatu berriaren ikur gisa- sorrera eta abar. Horrela, atentzioa ematen du ikurrinaren ondoan Nafarroako armarria jartzeko igande honetako Aberriaren Egunean -bidenabar esanda, erabili ohi dena baino esapide egokiagoa, euskal senari erreparatuz gero, nire ustez- egin diguten gonbita. Izan ere, egia izanik, Antso III.a (1004-1035) errege zela lortu zuela Nafarroako Erresumak hedadurarik zabalena eta, horren ondorioz, euskal lurralde guztiak batzea, egia ere bada, errege hori hil ostean, Nafarroako Erresumak, askotariko arrazoiengatik, lurraldeak etengabe galdu zituela... Eta haren ondorioz, euskal lurralde bakoitzak bere ibilbidea egin duela hainbat mendetan. Arraro samarra suertatzen da ikurrina lurralde guztietan hedatuta eta onartuta dagoenean, Euskal Herriko zazpi probintzietatik bostetan, ikurrinaren ondoan, Nafarroako erregeen -esan dezadan, nik Euskal Errepublika dudala nahiago, erregimen monarkikoa baino- ikurra ere jartzeko ahalegin hori. Horrek ez du baztertzen, jakina, biharko Euskal Herria euskal lurralde guztien konfederazio gisa eratzeko aldarria eta ondorioz, ikurrinaren ondoan, lurralde bakoitzean, lurraldeko ikurrak mantentzeko nahia.

Antzeko zalantzak sortzen dizkit, zilegi diren beste korronte ideologiko eta sentipen nazionalak dituztenak erakartzeko asmoz, Aberriaren esangura desitxuratzeko eta lausotzeko egin den ahaleginak. Egun hori Frantziak eta Espainiak irentsi, ezabatu eta asimilatu nahi duten herri eta askotarikoa den hiritar-multzo batek, munduan barrena bere izaerari eusteko eta bere oraina zein geroa erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna baita... Eta egun partekatuak eta erkideak sustatu nahi badira, baditugu beste batzuk, horien artean, Euskararen Nazioarteko Eguna.f