Batez ere, Afganistan eta Siriatik Europara igaro nahi duten etorkinen eta iheslarientzat ez da giro Greziaren eta Turkiaren arteko mugan. Izan ere, Turkiako presidenteak, Recep Tayyip Erdoganek, bi erabaki garrantzitsu hartu ditu. Alde batetik, Siriako iparraldean, Siriako presidentearen armadaren eta horren aliatua den Errusiaren kontrako erasoaldia indartzea. Beste aldetik, erasoaldi hori dela eta, Europaren aurkako jarrera leuntzeko eta iheslarien olatu berriari aurre egiteko, bere mugak irekitzea. 2016an, Europak eta Turkiak adosturiko akordioa hankaz gora jarri du erabaki horrek.

Turkiako presidentea jakitun da Europan barrena dabiltzan etorkinen eta iheslarien kontrako jarrera indartzen eta alderdi ultraeskuindarren pisua areagotzen ari dela; beraz, pertsonak ordain gisa erabiltzen ari da, eraso egiten jarraitzeko eta bere kontra dauden ahotsak eta jarrerak isilarazteko. Ondorioz, eskuak libre ditu, besteak beste, Turkiaren barruan daukan oposizioa are gehiago isilarazteko eta jazartzeko, munduaren eremu horretan daukan pisua areagotzeko, bidenabar, kurduen kontra daraman politikari haizea emanez. Ez da, ordea, lehenengo aldia lurralde jakin baten interesak lehenesten direna eta, horiek iltza-tzeko asmoz, egoera zaurgarrian dauden pertsonak ordainetan erabiltzen direna.

Marokok berdintsu jokatu zuen Espainiarekin eta Fran-tziarekin. Hartara, arrantzaren eremuan eginiko itunaren truke, bere mendean segi dezan nahi duen Saharan ?-garai batean, Espainiako kolonia?-, jazarpen eta genozidioa erabiltzen ditu sahararren aurka, nazioarteko kritikak eta jarririko erreparo guztiei muzin eginda. Beste horrenbeste gertatu da Tunisia, Aljeria eta abarrekin. Jada, ahaztuxe dugu Arabiar udaberria izenaz ezagutu genuen ekimena, demokrazia eta giza eskubideak aldarrikatzeko asmoz, duela zenbait urte abiarazi zen mugimendua... Orain, Europako potentzien lagun diren militar eta halakoek hartu duten lurralde horietan nagusitasuna, pertsonen eskubideen gainetik zein azpitik.

Europak sostengua eman dio Greziari, iheslarien eta etorkinen kontra hartu dituen neurrietan, besteak beste, errepresioa baliatzeko eta asiloa eska-tzeko prozedura bertan behera uzteko harturiko erabakietan, askoren artean, harridura eta kezka sorraraziz. Denbora joan, denbora etorri, Europa munduan giza eskubideen iparrorratz eta itsasargi izatetik bere zilborrari begira dagoen eremu izatera igarotzen ari da. Eskuak garbitu ditu, batez ere, Siriatik ihesi, Turkian pilatzen diren 3,6 miloi pertsonaren egoeraren aurrean, Mediterraneoa gerraontziz bete eta iheslariak eta etorkinak artatzen ari direnak alboratu ditu, modu zakarrean, munduan barrena nork bere astoari arre egiteko eta pertsonei bizkarra erakusteko joerarekin bat eginez.