Ostegun honetarako deitu den lanuztearen harira, badira zenbat mezu atentzioa eman eta arrangura sorrarazten didatenak. Alde batetik, ematen du lanuztearen kontra daudenak, aldi berean, deialdiak barrura-tzen dituen aldarrikapen ba-tzuen kontra ere badaudela, hala ez bada ere. Beste aldetik, batzuen aldetik etengabeko ahalegina dago "euskal gehiengo sindikala" deitzailea dela azpimarratzeko, nire ustez, behintzat, euskal herritar guztiek, maila politikoan zein sindikalean, sostengatzen dituzten alderdi zein sindikatuek aitortza bera merezi dute eta. Iritziak iritzi, UGT sindikatua ELA sindikatua bezain euskalduna da, besteak beste, hemengo herritarren ordezkaritza eta konfiantza jasotzen dituelako.

Azkenik, bitxia da greba deialdiaren atzealdean azaltzen den EH Bilduren aurpegi bikoitza, gizartean lehentasunezkoak diren gaiak eta maila politikoan lehenetsi beharrekoak bereiztera eramaten dituena. Lander Martinezen alderdiak PSOErekin Gobernu akordioa egin duenean, bai eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek aurrera egin dezaten lagundu duenean ere, herritarren bizi-baldintzak hobetzeko hainbat gizarte-neurri proposatzea eta lehenestea logikaren barruan sartzen den kontua da. EAJ alderdiak, bere aldetik, Gernikako Estatutua erabat bete dadin ?-tartean, Gizarte Segurantzaren eskumena Eusko Jaurlaritzari eskualdatzea-? eta etorkizunean autogobernuan sakontzeko asmoz, bestelako harreman-bide bati ateak irekitzen saiatzea, beste horrenbeste.

Aitzitik, logikarik ez daukana zera da: Espainian, EH Bilduk abstentzioa musu-truk ematea edo Nafarroan huskerien truk Chiviteren aurrekontuak aurrera atera daitezen ahalbidetzea, esaten duten eran, haien jarrera horren erabakigarria baldin bada, noiz eta greba orokor bat sostengatzen dutenean. Halakoetan, ematen du halako printzipio bitxi bat erabiltzen dela: gainerakoek lotzen dituzten akordioak beti dira meheak eta baztertu beharrekoak; norberarenak, ordea, beti dira erabakigarriak eta garrantzitsuak, ezeren edo ia ezeren truke egin arren... Eta hori nabarmentzen hasita, pentsatzekoa da ELA sindikatuak, gainerako guztiak kritikatzen horren ohituta dagoenak, EH Bilduk Nafarroan egin duen akordioa ere kritikatu egingo duela, noiz eta ostegun honetan deitua den grebaren atarian.

Gizarteko sektore batzuen egoera onbideratu nahi denean, aldarrikapenak ezin dira nahierara, estrategia politiko eta sindikal zehatz bat elikatzeko baliatu. Ezin da Gobernu bat sortu aurretik greba bat deitu, eratu ondoren, zein neurri eta erabaki hartuko dituen aldez aurretik jakin gabe. Ezin dira maila eta izaera desberdinetako aldarrikapenak, batzuk bideragarriagoak, bestetzuk gauza-tzen zailagoak, eltze berean sartu, frustrazioa eta ezinegona nonahi barreiatzeko arriskua dagoelako. Gizarte aurrerapenak, bai eta orain arte hartu diren zenbait neurri ezerezean lagatzeko borondate irmoak, askotarikoen artean elkarrizketa giroa eraikitzea eta akordioetara iristeko egiazko borondatea eskatzen dute, nagusikeriazko jarrerak, inor bazter-tzeko joerak, hegemonia kontuak eta bidezkoak diren aldarrikapenak estrategia jakin bat elikatzeko tentazio oro alboratuta.