MILAKA emakume bizi dira gure artean babes neurriren bat dutenak... milaka jazarpena eta indarkeria pairatu dutenak, egunero jasaten ari direnak. Ez dezagun, bada, pentsa urruneko kontua denik, gurekin zer ikusirik ez daukanik. Gugandik hurbil, gure auzo eta herrietan bizi baitira. Ezin diezaiekegu kale egin, ezin diegu bizkarra erakutsi. Ezin dugu jazotzen ari denaren garrantzia apaldu, ez eta ezkutatu ere. Finean, ezin dugu haien oinazea bakardadearen eta axolagabetasunaren alfonbraren azpian ezkutatu.

Norbaitek esan dezake asko aurreratu dela, garai batean ezkutuan zegoena egun ageriago azaltzen ari dela. Baina hori ere ez da nahikoa. Alde batetik, batzuen kasuan ?batez ere, adin batetik gorakoen kasuan?, lotsagatik, zer esango duten beldur direlako, zurrunbilo horretatik irteteko bitartekorik ez dutelako eta abarreko arrazoiengatik, arazoaren dimentsio osoa ez delako azaltzen ari. Beste aldetik, badirelako atzerapausoak, emakumeen aurkako indarkeria lausotzera datozen mezuak, bereziki, alderdi eta elkarte ba-tzuen eskutik. Azkenik, jarrera irmoagoa, bitarteko are gehiago bideratu behar direlako, baldin eta arazo honi zuztarretik heldu eta onbidean jarriko bada.

Hezkuntzan gai hau lantzea garrantzi handikoa da... baina ez da nahikoa. Hedabideetan, publizitatean, askotariko elkarteetan, erakundeetan, lan-munduan, familietan, eremu formal eta ez-formaletan egin behar dugu egiten ari garena baino gehiago, toxikoak diren harremanak identifikatuz eta alboratuz, diskriminazio eta mendekotasun oro agerian lagaz eta onbideratuz. Izan ere, gure gizartean gertatzen ari dena horixe baita, emakumeak gizonezkoak baino gutxiago balira hartzen ditugula, nahierara, zeinahi eta nolanahi baliatu eta erabili ditzakegula zabalduz eta iltzatuz.

Gizonen eta emakumeen arteko egiazko berdintasuna da arazo honen oinarrian dagoena. Berdintasuna lan-munduan. Gizon eta emakumeen arteko lan-baldintzetan alde nabariak daudelako, oro har. Berdintasuna etxeko zereginetan eta etxekoen zaintzan. Berdintasuna familia-egitasmo bat irudikatzeko eta gauzatzeko orduan. Egiazko berdintasunaren norabidean, giza eskubideen benetako aitor-tzan, elkarri zor diogun errespetuan, iraganetik datozkigun joera eta jarraibideak eraldatzean urrats erabakigarriak eta eragingarriak egin behar baititugu gizartearen erraietan sarturik daukagun arazo honi irtenbidea emango badiogu. Berdintasuna, askatasuna, norberaren bizimodua egokitasunez bideratzeko engaiamendua. Guri bezala, gainerakoei bakean eta berdintasunean bizitzen uztea da gaia, belaunaldi guztiok elkarrekin gauzatu beharko genukeen jarraibidea.