aurten beteko dira 40 urte Gernikako Estatutua onartu zenetik. Berrogei urte luze, ia ezereza gure Herriaren historia luzean, baina biziki garrantzitsuak, halere. Ordurako, asteon protagonista izango den diktadorea, gure autogobernu erakundeak desagerrarazi, Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren erbesteratzea eragin, milaka eta milaka pertsona heriotzara eraman eta beste hainbat esklabo bihurtu zituenak, hilik zen eta haren hilotza Erorien Haranean zetzan. Ez zen erraza izan hasierako urte haietako giroan Estatutua, ez eta, haren bidez, autogobernu erakundeak berreskuratzeari ekitea ere. 1979ko erreferenduma tarteko, Estatutua onartu eta Jesus Maria Leizaola lehendakaria erbestetik itzuli zen, 1979ko abenduaren 15ean.

Bistan da gure gizartea asko aldatu dela urte hauetan guztietan. Autogobernua ikaragarrizko makulua izan da, gizarte hau eraberritzeko eta gara-tzeko. Besteak beste, azpiegituren eraberritzea, euskararen eta euskal kulturaren garapena, Osasun eta Hezkuntza sistemen eraldatzea eta abar aipa daitezke urte hauetan eginiko ibilbidearen adibide modura; beraz, bada zer aitortu une zailetan apustu hori egin zuten pertsona eta alderdiei. Alabaina, bistan denez, guztiek ez dute leial jokatu duela berrogei urte euskal herritarrek onartutakoarekin.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, militarren talde batek matxinatu eta estatu kolpea jo nahi izan zuen. Horren ostean, sozialistek irabazi zituzten Hauteskunde Orokorrak... eta dela militarren beldur zirelako, dela estatu federal batean egiatan sinesten ez zutelako, dela Espainia denaren gainetik indartu nahi zutelako, autonomietan ardazturiko sistema kimatzeari ekin zioten. Ordutik hona, etengabea izan da Estatutua bete-tzeko batzuen eginahala eta, bidenabar, beste batzuek norabide horretan atzera egiteko edo ahalik eta pausorik laburrenak emateko jokaera.

Berrogei urtetan, euskal gizartea asko aldatu da eta EAEko berrogeita hemezortzi urtez azpiko biztanleriaren gehiengoak ez du izan inoiz gure autogobernuaren oinarrizko habearekiko iri-tzirik emateko modurik. Horregatik, garrantzitsua da Estatutua berritzeko ahalegina gauzatzea, Estatuak herritarrek bozkaturiko ituna ez betetzeko ahaleginari muga eragingarriak ezarriz, Estatuaren eta EAEren artean aldebikotasuna hezurmamituz eta eskubide sozial eta politikoen zerrenda eguneratuz eta blindatuz. Azken finean, gaurko eta etorkizuneko euskal gizartearen garapena ahalbidetuko duen itun politikoa berritzea da kontua, garai bateko ezintasunak eta ezarririko mugak astinduz. Horrelako prozesu batek konpromisoa, desberdinen artean adosteko gogoa eta herritarren borondateari mugak ez ezartzeko engaiamendua eskatzen ditu. Izango ote dute gaurko politikariek duela berrogei urteko politikari haien bezainbesteko gerria eta ikuspegi zabala? Laster jakingo dugu!