Urtean zehar, are gehiago uda partean, han eta hemengo jaietan, lau haizeetara barreiatzen ari den kontua da. Sexu erasoez ari naiz, bai eta horren inguruan ustezko morboa eta biktima apalaraztera datozen portaerak hedatzea ere. Leku bakarti batean, norbaitek inguratzen zaituela, nagusikeriazko jarrera baliatuta, nahi duena egin dezakeena antzematea, sexu-gehiegikeria jasateak izugarria izan behar du. Inork ez daki horrek zer dakarren harik eta halako gertaera bat hurbiletik pairatzen duzun arte.

Inpotentzia, higuina, bakardadea, beldurra esango/leporatuko dizutenaren aurrean, zure izena eta izana basatzan inkatuko duten susmoa... Ikaragarrizko sufrimendua, eraman ezina, erruduna zaren ustea... Eta gurutze-bidea. Horrexegatik, zaila da ulertzen halako jazoeren aurrean gure erkide batzuek erakusten duten enpatia falta, arintasuna, utzikeria eta biktimarekiko hurbiltasunik eza. Horrek guztiak inpunitatea areagotu eta barrurik gabekoak are gehiago motibatzen baititu, bizitzak ilunduz, beste batzuenak putzuan sarrarazten dituen bitartean. Baztertu, plazan lotsarazi beharko genituzkeenak, makurrarazi beharko liratekeenak zenbaitetan ez dirudi ezer txarrik egin dutenik. Gainera, nago ba-tzuen begien aurrean balentria modukoren bat egin dutela, norbait ehizatzeko kapaz izan baitira eta edozertara behartu... Eta, hala bada, non geratzen dira ustez aurreratua den gizarte honen zimentarri izan beharko luketen balioak, hau da, gizalegea?

Gizarte aurreratuak teknologia berrien zurrunbiloan bizi dira. Horrela, ia dena berehalako, likido bilakatzen ari da... loturarik gabea. Argazkiak, gertaerak, edukiak barreiatzen ditugu segundo oro, abiada bizian, eta ez dugu tarte laburrik hartzen ondorioez gogoeta egiteko; den-denak berdin digu, antza denez! Eta sexu gehiegikeriei aurre egiteko, bai eta gizataldeen jokabide arinei izkina egiteko ere, heziketaren beharraz jardungo dugu. Hezkuntza gure gizarteen gaitz guztiak bideratzeko sendabelar eragingarria izango balitz bezala... Ahaztuz, bidenabar, familia-giroan iltzatzen diren balioak, sustraitzen diren jokabideak, lantzen diren aldarteak, hezurmamitzen den bizikidetza.

Hezkuntzak ez ditu gure arazoak, are gehiago sakonenak, konponduko. Gehienez, arindu egingo ditu. Izan ere, egiazko iraultza etxean, familia-giroan gertatu behar baitu, seme-alabei denbora eskainiz, bikotekideen artean errespetua landuz, denon artean aniztasuna -arraza, pentsaera, sexu orientazio eta abar- errespetaraziz... hori gabe galduak gara, gutxi batzuen jokabiderik ankerrenei, mezurik atzerakoienei ateak zabal-zabal lagaz.