Jada, ez dago esaterik zertan ari garen ez dakigula. Pertsonen neurriz kanpoko jarduna sekulako kaltea egiten ari da ingurune zabalak itxuraldatuz, espezieak desager-tzera kondenatuz, berotegi efektua eraginez, ura, itsasoa eta ozeanoak kutsatuz, baliabideak neurriz gaindi ustiatuz... Kontua da gure ustea dela gugan ez duela eraginik izango eta, zerbait eragitekotan, etorkizunean hemen egongo direnek jasan beharko dituztela guk geuk eragindakoen ondorioak.

Halakoak aipatzean, egon badira diotenak Lurrak lehenago ere izan dituela beroaldiak eta ho-tzaldiak. Ondorioz, gaur egungo egoera, berez, onbideratuko delako ustea zabaltzen ari dira. Kontua da gu, gizakiok, eragiten ari garela aldaketa bizkor hori, munduak horretara moldatzeko, egokitzeko, irensteko betarik ez duen bitartean.

Sasoi batean luzaroan baliatzeko asmoz sorturiko gailuak, aurrerapen teknologikoaren izenean, epe laburrean irauteko jauzia egin da. Izan ere, garrantzitsua da jasangarria edo iraunkorra ez den zorioneko hazkunde ekonomikoaren gurpilari eragiten segitzea baldin biziko bagara, edonola haziko bagara ere. Horrela, telebistaz, ordenagailuz, askotariko plastikoz, ikusgailuz, mugikorrez eta abarrez jositako hondakin andana sortzen ari gara; eta gero, berrerabiltzeko gaitasunik ez daukagunez, beste lurralde batzuetara eramaten ditugu hondakinok... Han, ondorioak ikusten ez ditugula, edonola bideratzen dira, lur-eremu zabalak kutsatuz, pertsonen ongizatean eraginez. Berdin dio, ez baitugu hurbiletik sentitzen!

Horren zabarrak, arimarik gabekoak gara, non gure mundutxo honetan sortzen dugun zaborra bera ere negozio bilakatu dugun, gutxi batzuen onerako, denon kalterako, bereziki, ustez atzeratuak diren lurraldeetan bizi direnentzat... eta itxurakeria horren urruti eraman dugu non erregai fosilen erabilerari mugak jartzeko xedez, landare eta an-tzekoetatik eratorririko produktuak asmatu ditugun, ustez kutsatzen ez dutenak... baina hara paradoxa, bidenabar, halakoak ereiteko asmoz, geratzen diren oihanak, birikak omen direnak, inbaditzen, suntsitzen eta desagerrarazten ari garela. Oraindik ez gara ohartu, edo ez dugu ohartu gura... gure bizi-tzeko manerari ezin diogula eutsi eta ahalik lasterren behar dugula berau aldarazi, baldin eragiten ari garen kaltea murriztu eta zelanbait bideratu nahi badugu. Nola bizi gure sorrera ahalbidetu zuen munduari bizkarra eman gabe, munduarekin eta munduko izaki eta landare guztiekin batera biziz? Hori da kontua gure geroa baldintzatuko duena, mundua ez ezik, gu bizirik irauteko giltzarria.