Asteon, apirilaren 4an, Euskal Herriko bazterrak astinduko dituen Korrikaren 21. edizioa abiatuko da. Horrela, eskutik eskura igaroko da euskararen aldeko lekukoa, lurraldeak, eskualdeak, eremu euskaldunak eta ez hain euskaldunak, hiriak, auzoak eta herriak ehunduz, euskaraz bizitzeko nahia, bai eta eskubidea ere lau haizeetara zabalduz. Euskarak egiten gaituelako euskaldun, euskara delako Euskal Herriari izena eta izana damaiona.

Euskararen egoera ez da sasoi batekoa, gure hizkuntzak aurrera egin baitu, hiztunak eta erabilera-eremuak irabaziz... baina hala izanda ere, euskara are presenteago bilakatzeko, ikusgarriago egiteko, badira albait arinen hartu beharreko erabakiak, herri-erakundeen, alderdien, sindikatuen, lanbide-elkargoen zein bestelakoen aldetik, bai eta herritarren aldetik ere. Izan ere, maila batean lortu den hazkundea ez baita horren nabaria merkataritzan, lan-munduan, aisialdian edo bestelako jardun-eremuetan.

Korrikan parte hartuko duzuen guztioi, euskararekiko nolabaiteko engaiamendua aditzera eman nahi duzuen guztioi zera galdetu nahi dizuet: zer egiten, egiteko prest zaudete, zein konpromiso hartuko duzue euskararen alde, egunero eta aldiro, maila pertsonalean zein eragiteko ahalmena daukazuen elkarte, erakunde, sindikatu, enpresa zein bestelakoetan? Ezen lekukoak ez baitu mezua esku batetik bestera igarotzen dela irudikatzen bakarrik, ez eta euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bera ere.

Lekukoak beste ideia bat barruratzen du, beharbada, aurreko guztiak baino indartsuagoa eta eragingarriagoa dena. Euskara non hartu dugun... eta ondorengoari non uzten diogun ere irudikatzeko balio baitu. Belaunaldi bakoitzak egin dezake ariketa hori, bai eta norbanako bakoitzak ere... eta ariketa hori egitean zirkinik, urratsik egin ez dugula antzematen badugu, orduan alperrekoak izango dira egiten ditugun korrikaldi guztiak, itxurakerien eremuan geratu eta den-denak haizeak eramango ditu eta.

Euskarak, gure hizkuntza gutxiagotuak, munduko hizkuntzen plaza irabazi behar du ziztu bizian, albait arinen irabazi ere, izan duen bizkorraldia moteltzeko joera eta atzeranzko bilakaera bilakatuko ez bada. Horretarako, hiztunak, erabiltzaileak behar ditu... eta haren erabilera erraztuko duten espazioak, geografikoak eta funtzionalak -pertsonalak eta gizarte mailakoak-. Izan ere, gure egunerokotasunean egiazki txertatzen dugun hizkuntza, herri-erakundeetako, lan-munduko, aisialdiko, merkataritzako zein bestelakoetako lan-hizkuntza bilakatzen dugun neurrian segurtatuko dugulako haren geroa... eta horrekin batera lekukoak igaro ahal izatea.