Txikia nintzelarik, egun batean ikastolara joateko gogo handirik gabe jaiki nintzen. Beno, egun batean ez, nahiko sarri gertatzen zen hori, baina egun hartan are eta gogo gutxiago nuen. Negua izango zen ziur aski, eta gripe boladaren bat ere izango zen ikasleen artean, bi astez behin ematen den horietakoa. Gripe normala diot, ez larritu, betikoa, beti hil duen hori, ez azkenaldian Txinatik datorrena.

Kontua da nire estrategia hoberenak martxan jarri, eta amari esan niola ez nintzela ondoegi sentitzen, eta ea termometroa gerturatuko zidan, sukarra neurtzeko asmoz. Ekarri zidan, eta besapean jarri ere bai, baina amak buelta eman orduko, erradiadorearen ondoan jarri nuen merkuriodun makiltxo hura, ez neukan sukar horren trukean berogailuaren beroak nik nahi nuen tenperatura hori eman zezan. Etorri zen ama handik pixkatera ikustera ea zer moduz ote nengoen, eta harrituta baino parean duena sinesten ez duen horren aurpegia jarri zuen. Aitzol, zuk ez daukazu sukarrik esan zidan, eta ni zur eta lur geratu nintzen, Nola zekien? nola zen posible nire plan perfektu horrek porrot egin izana? Amak ez zuen sinetsi 47 graduko sukarra nuenik, ez dakit zergatik.

Tranpa egin nuen, edo saiatu nintzen behintzat, baina harrapatu ninduten, eta burumakur jo nuen sukaldera. Gaizki jokatu nuen, gaizki atera zen, baina ez zitzaidan burutik pasa erradiadoreari edo termometroari errurik botatzea. Etxe onenetan erakusten baitigute zerbait gaizki egitean aurpegia ematen. Horrekin aurrera egin behar dela, eta ez kaka inguruan banatu. Norberak egindakoaren erantzukizunak bere gain hartu behar ditu, eta are gehiago gaizki jokatuz gero. Noski, nire umetako tranpatxo horrek ez zuen inolako garrantzia edo haraindikotasunik izan, baina beste zenbaitek badute, bai.

Jokabide hauek maila politikora eraman, eta jendea, pertsonak finean, dagoenean tarteko, ez zait egokiegia iruditzen errua elkarri bota, mokoka aritu edo eta egindakoa erdi-tapatzen ibiltzea. Bakoitzak gaizki egin duena onartu, eta badaezpada ere, besterik etorriko ote den aurreikusiz, gauzak argi eta garbi azaldu. Benetan, publikoak eskertuko luke horrelako jokabiderik. Ez saiatu estaltzen, duela 40 urte agian funtzionatuko zukeen, baina ez orain, informazioa argitara aterako da goiz edo berandu, eta sakonago ondoratuko zaitu. Sakon gezurrak, sakon etika eta sakon ere bi hildako, eta euren familien animoak ere.

Azalpen txukunak gustatzen zaizkigu gehienoi, eta ez gara izango jakitunak zientzia eta jakintza guztietan, baina ez ezkutatu informazioa gure hobebeharrez, gure mesedearen izenean. Guztia entzun eta erabakitzeko aukera behinik behin eman, eta ulertzen ez badugu, galdetuko dugu inguruan, baina papilla azukredunik ez, faborez.