Lantokian ginela, proiektu berri bati ekitea otu zitzaigun. Ez dut esango inoiz egin ez genuenik, ez eta azkeneko aldia izango denik ere horrelako saiakera bat egiten dugula, baina uste baino buruhauste gehiago ekarri dizkigula bai, eta egia esatera, ez dugu irtenbiderik topatu oraindik.

Hasi ginenean ez zirudien hainbesterako lana hartuko zuenik. Nahiko boteprontoan ateratako ideia izan zen, buelta gehiegi eman ez, baina aldi berean plangintza on bat eska- tzen duena, tradizio puntu bat badu, eta berritzailea ez izanik ere, gure barruan zerbait pizten zuen. Ez nioke emozioa deituko, baina zirrara puntu bat pizten dizuten gauza horietako bat da. Lankideon sagardotegi-bazkaria antolatu nahi genuen.

Barre egingo duzue batzuk, baina aski konplikatua da afera hau. Hasieran data adostea izan zen buruhauste nagusia. Komite txiki bat bildu zen, eta bi hitz egiterako hasi ziren nik asteburu honetan ezin dut, nik horretan lasterketa daukat, nik umeekin ez dakit zer, nik beste sagardotegi bat daukat halako egunetan€ Baina tira, lotu genuen lotu data bat, eta horrekin aurrera egitea erabaki. Jarri genuen izena emateko papera paretan, eta jarri orduko datarekin traba gehiago zituen jendea hasi zen agertzen, nik horretan ezin dut, nik ezin dut horren garaiz erabaki, urrun dago oraindik eta abar luze bat. Hala eta guztiz ere, dozena bat edo elkartu ginen baiezkoan, eta hautatutako egunarekin aurrera egitea erabaki genuen, planaren zatirik zailena oraindik aurreikusten ez bagenuen ere. Inuzenteak gu.

Misioaren zati garrantzitsuena genuen ate joka, printzipioz lan handirik eskatzen ez duen zeregina da, telefonoa hartu, interneten begiratu zein zenbakitara deitu eta deitu. Horixe bera egin genuen, bada, hogeita lau bat aldiz, deitu eta deitu, batera eta bestera, eta arrakasta, imajinatuko duzuen bezala, oraintxe gure esperantza bezala aurkitzen da, zeroaren pare. Saiatu ginen hurbilekoenekin lehenengo, gero pixkanaka urrutiratzen joan ginen, herri bat, ondokoa, baina ezer ere ez. Eta horrelaxe gaude, plana eginda, baina planik gabe, tontoenaren pare.

Gauza jakina zen formatu arrakastatsua saltzen dutela sagardotegiek, eta ni neu sagardozaleegia ez banaiz ere, plan polita iruditzen zait, sortzen den giroagatik batik bat. Baina nonbait guri baino gehiago gustatzen zaionik bada, edo aurreikuspen gehiagorekin antolatzen duenik behinik behin, eta hortxe gaude orain, nora jo ez dakigula, azkar ez mugitu izanaren penitentzia ordaintzen. Okerrena ez da, ordea, arazoari irtenbiderik ez diogula topatzen, baizik eta datorren urtean berdina gertatuko zaigula!