Olentzero edo Mari Domingiren opariak baina klasikoagoa den erregearen diskurtsoa galdu dut aurten ere. Konfirmatu dezaket ez zaidala inporta hark esaten duenik, eta ondorengo zenbait analisi ikusita, eduki aldetik ere flojo xamar ibili zela ere baieztatu dezaket. Urtean gutxi egin behar, eta hori ere erdipurdi. Nire ikasle garaiak bezala. Gomendatuko nieke hemen gertuko alderdi politikoei baloraziorik ez egitea bat-batekotasunik gabeko hitz jarraipen gatzgabetu horren inguruan, ea horrela aspertu eta egiteari uzten dion, eta bide batez, agian kargua ere uzten du. Etengabeko ur emaria ez ixteko aitzakia besterik ez baita. Lagundu gutxi eta enbarazurik ez egitea baldin bada bere lana, niregatik alperrik daude bera eta bere ingurukoak, eta baita neurtutako bere diskurtsoak ere.

Erregea ez, baina haren koinata ikusi ahal izan dugu Gasteizen, eguberrietako oporretan espetxetik ateratzeko izan duen baimena zela eta. Ez genuen ikusi kartzelan sartzen, egia esateko, eta ez dugu ikusi ateratzen, beraz ezin dizuet ziurtatu barruan egon denik, baina Gasteizen egon dela bai, bere familiakoak ere bai, eta mezetara joan ostean kafe bat hartu duela ere bai. Gutxienez kuriosoa iruditu zait eszena hauen aukeraketa, espetxea erakutsi ez, familia zoriontsu katolikoa bai. Are sinpleago jarrita; gizon gaiztoa ez, gizon ona bai.

Erregearen hitzaldi epela klasikoa bada, Gordo delakoa ere bai, eta Madrilgo Doña Manolita kanpoan, zozketa aurreko hilabetean ikus daitezkeen jende ilarak ere bai. Gustura hasiko nuke crowdfunding horietako bat, non ahal eta nahi duen bakoitzak diru pixka bat jartzen duen, loteria dendatxo horren kanpoan matematikan lizentziatu berri den langabetu bat jartzeko. Ahal dela berriketa gaitasun pixka bat duena izan dadila, eta horrela erraz ulertuko dute han orduak daramatzaten guzti horiek probabilitatea zer den. Ea horrela konturatzen diren hor edo beste edozein dendatan erosita, hiru edo lau orduz zain egon gabe ere, saria bereganatzeko aukera bera daukatela, eta ez dela fede kontua, zori kontua baizik. Edo hori uste genuen egunean bertan zozketako bideoan tranpatxo bat egiten ari zirela ikusi genuen arte. Horretan ere lardaskeria.

Gehiegi. Erregea eta fedea nahasten hasi naiz, erlijioarekin bakarrik sartzea falta zait zirkulua itxi eta etsai mordoa ereiteko, baina nola sartuko naiz ba erlijioarekin, opor egun hauek oparitzen baldin badizkigu. Ahaztu ditzagun gure benetako sinesmenak. Agian erregeari ere hori eskatu beharko diote, tarteka oporraldi txiki bat banatzea herritarren artean, denak pozik izateko, edo agian aipatu ditudan bi gaiak uztartu eta erregeak bere loteria propioa atera beharko luke, eta horrela, denak pozik. Ogia eta zirkua, loteria eta oporrak.