AURREKO idazki batean aipatzen nuen, eta barkatuko didazue gaia berreskuratzea, gero eta gauza gutxiagok harritzen nautela, edo gaituztela, jendarte gisan. Hainbestetan ikusi dugu Txinako harresi famatua telebista eta argazkietan, bertara joan eta ez gaituela txunditzen, eta berdin, Taj Mahal, Eiffel dorre eta antzerako guztiekin. Hain eskura dugu dena, zaila dela gugan arnasa geldiaraziko digun ezer sortzea. Hilotzak ere gero eta normalago hartzen ditugula esango nuke.

Bada, berdin gertatu zait azken egunetako albistegietan. Edo hori, edo esperantza galdua daukat zenbait gairekin. Altsasuko gazteen eta Kataluniako buruzagien epaiketen emaitzek ez naute sorpresaz harrapatu, zer nahi duzue esatea, aurreikusia nuen atsekabez baizik. Baten batek agian fede pixka bat izango zuen arrazionaltasunean, edo jendearen barru on hori noizbait agertzen ote den horretan, baina hitz hauen atzean dagoen honek ez, zertarako gezurrik esan. Eta negatibotasun-hari honi jarraiki, ez dut uste etorkizunean asko aldatuko denik. Ezin esperantza jarri behin eta berriz kentzen diguten horiengan.

Eta atsekabearen ondotik, ia beste hainbeste tristatzen nauen beste afera dator, epelkeriarena. Dena onartu, barneratu, eta ondo gelditu mundu guztiarekin. Epaia onartzen dugu, baina? errespetatzen dugu, baina? ulertzen dugu egoera, baina? Baina, zer? Agian noizbait ezetz ere esan beharko da, ez zaigula ondo iruditu, mendeku hutsa iruditu zaigula, edo gure iritzi ez xumean neurtzeko arrasera ez dela berdina alde batera eta bestera, eta horrek ezin duela izan, tranpa egitea dela, eta batzuek bizi erdia galduko dutela erabaki hauek direla eta.

Aisa eskatzen zaio parekoari hau edo beste kondenatzeko, bortizkeria errefuxatzeko edo jokabide hori gaitzesteko, baina segidan agertzen da beste norbait, jo dezagun presidente edo barne-ministro esanez poliziek, hiruek, era egoki eta proportzionatuan jokatu dutela, are gehiago, ia domina jartzeko moduko jokabidea izan dutela. Galde dezaiotela begia galdu duen gazteari ea zer iruditzen zaion, edo barrabila galdu duenari, edo furgoneta batek harrapatu duenari. Berriz ere bi ahoko labana. Izugarrizko arduragabetasuna iruditzen zait hori defendatzea eta loratzea, batez ere hautetsontzi batzuk demokraziarekiko eraso kupidagabe gisa izendatu eta epaitzen ditugun bitartean.

Kritikak ezin du zentzu bakarrekoa izan, ez da bidezkoa, baina ohitu egin gara hori normalizatzera, akatsak soilik parekoan ikustera, eta gure propioak etengabe zuritzera. Gezurra baldin badirudi ere, arazo gehienetan bi aldeek izaten dute ardura puntu bat, ez gara erabateko ez biktima ez errudun, baina boteredunak borondateduna laido-tzen duen bitartean, ez da deus aldatuko, eta gainera, ez gaitu sorpresaz harrapatuko, aldez aurretik onartutako onespen etsi batekin baizik. Gu ere epeldu garen seinale.