Denboraldia ez da ona izan. Ez dinot nik, Marcelinok berak esan dau Elx-en aurkako partidua amaitu osteko prentsaurrekoan. Eta berba bategaz laburtzeko, irregulartasuna izan da zuri-gorrien ezaugarri nagusia, partidu bi erreskadan irabazi barik geratu izanak erakusten dauen moduan. Marcelinoren helduerak itxaropena sortu eban Athletic zaleon artean eta itxaropen hori euforia bilakatu zan taldeak Superkopea irabazi ebanean Real Madrid eta Bartzelona menderatuta. Kopako final biak egozan aurretik eta danok uste genduan gure Athletic edozein aurkariri irabazteko gauza zala. Realaren aurka jokatu eta galdutako finala inflexino puntua izan zan zuri-gorrientzat. Galdu izana baino, erakutsitako maila negargarria eta lehiatzeko gaitasun eza izan ziran kontu mingarrienak. Hortik aurrera hasi zan gainbeherak, bultzada handi bat jaso eban Bartzelonaren aurkako finalean. Hortxe amaitu zan denboraldia, ondoren Atletico eta Sevillaren aurka poztasun bi emon arren.

Marcelinoren berbak entzunda, pentsa lei Athleticen plantilan sekulako iraultzea egongo dala datorren denboraldira begira. Ganera, jokalari kopurua murriztuta, entrenamentuen kalidadea hobetu egingo dabela dino. Ez dot uste, Lezamako lan saioen kalidadean egon danik Athleticek denboraldi honetan izan dituen arazoen iturria. Ganera, plantilan jokalari gitxiago egoteak ez dau esan gura aldaketa handirik egongo danik, besteak beste klub honek horretarako aukerarik ez daukalako. Beraz, gaur egun daukagunagaz tiretu beharko dogu hurrengo denboraldian be, Bilbao Athleticetik igoko daben gazteen laguntzeagaz.

Entrenatzaileak berak gura dauen moduan osatuko dau plantilea eta antolatuko dau denboraldi aurrea. Beraz, emaitzak onak ez badira ezingo ditu erabili aurten sarritan erabili dituen aitzakiak eta berba labanak taldearen irregulartasuna azaltzeko.

Amorebietaren eskutik etorri jaku asteburuko albiste pozgarriena. Iñigo Velez de Mendizabalek zuzendutako taldeak Bigarren A mailan jokatuko dau hurrengo denboraldian, aurretik izan dituen aurkari guztiak baino gehiago izan dalako. Zelaian zein handik kanpo egindako lan onaren eredua da Zornotzako taldea. Orain dala urte bi zorren ondorioz desagertzeko zorian egotetik, futbol profesionalean musturra sartzera igaro da Jon Larrearen taldea. Bilbao Athleticek ezin izan dau denboraldia biribildu baina Joseba Etxeberriaren taldeak garbi erakutsi dau Athleticek badaukala non aukeratu etorkizunerako.