Gaizka Garitano taldeko entrena-tzaile zala bardinketarekin amaitu ziran hiru partiduak, Getafe, Valentzia eta Vila-realen aurkakoak, etxetik kanpo jokatu zituan talde zuri-gorriak eta hiruretan aurretik izan ziran markagailuan. Marcelino Garcia Toral Bilbora iritsi zanetik, hamar izan dira bardinketeagaz amaitutako partiduak. Vila-realen aurka San Mamesen eta Levanteren aurka Valentzian bakarrik egon da Athletic atzetik markagailuan. Valentzia, Eibar, Reala, Valladolid eta Osasunaren aurka markagailuan aurretik egon ziran zuri-gorriak, azken bietan bi bider ganera. Celta, Alaves eta Betisen aurkako partiduetan ez zan golik izan baina Athleticek oso hurre euki eban garaipena. Kontuak kontu, puntu asko galdu dauz ganora barik Marcelinoren taldeak, eta jakina, holan ez dago Europarako sailkatzeko borrokan sartzerik. Jasotako golak taldearen defentsarako egitura osoaren ardurea izan arren, Unai Simon atezaina eta Unai Nuñez atzelariaren errendimendua oso makala izan da nahi baino partidu gehiagotan.

Estadistikak interpretatzeko modu ugari dagozanez, pozik esan geinke Athleticek bederatzi jardunaldi daroazala galdu barik. Martxoaren 8an galdu eben zuri-gorriek azken partidua, Atletico de Madriden aurka Wanda Metropolitanon. Garbi dago Marcelinoren taldeari irabaztea oso gatxa dala, baina egia da baita be, gauza gitxi egin behar dala zuri-gorrien atea zulatzeko. Entrenatzaile asturiarrak badauka zer hobetu datorren denboraldira begira.

Alde positiboak be badagoz, eta taldeko jokalari gazteen eskutik datoz. Bartzelonaren aurkako kopa txapelketako finala galdu ostean, entrenatzailearen eskutik jokatzeko aukerak jaso ostean, Oihan Sancet, Asier Villalibre eta Jon Morcillo bikain erantzuten dabilz bedar-tzan, eta golak sartuz ganera. Hortxe dagoz San Mamesen jokatutako azken hiru partiduetan sartutako sei golak. Huesca, Real Madrid eta Elx taldeen aurkako partiduak azterketa gogorrak izango dira gazteentzako, aurkarientzat hil ala biziko partiduak dira-eta.

Azkenik, zoriondu beharreko garaipena eskuratu dau Iraia Iturregiren taldeak Realaren aurkako derbian. Markagailuan atzetik joan arren, zuri-gorriek ez eben amore emon eta ondo merezidutako garaipena eskuratu eben. Eta zoriondu beharrekoa baita be, Danel Elezkanok eskuz binakako finalean lortutako garaipen bikaina.