Gaizka Garitano ez da aldaketa sakonak egitearen lagun. Sevillaren aurkako partiduan titular batzuk barik erakutsi eban jokorik onena talde zuri-gorriak eta markagailua iraulteko gauza izan zan. Hori ikusita, nobedaderen bat itxaroten genduan Jose Zorrillarako hamaikakoan. Entrenatzaileak, baina, betikoen aldeko apostua berretsi eban. Eta betikoaren aldeko apostuak, betiko emaitzak dakarz. Sevillaren aurkako partiduan gertatu zan moduan, Raul Garcia eta Dani Garcia barik egin eban jokorik onena Athleticek Jose Zorrillan. Horregaz ez dot inor seinalatu gura baina garbi dago jokalari bi horreek barik taldeak beste era batera jokatzen dauela. Horregaz batera, Asier Villalibrek barriro erakutsi eban hasierako hamaikakoan sartzeko aukeraren bat merezidu dauela, batez be hasieratik jokatzen dabenek ate aurrean erakusten daben ezintasuna ikusita.

Barriro dinot Athleticek ez ebala galtzea merezidu Valladoliden. Partiduaren azken ordu erdian gol aukera garbiak euki ebazan aurkariaren ate aurrean eta orokorrean Valladolid ez zan zuri-gorriak baino gehiago izan. Athletic bi ikusi genduzan Jose Zorillan. Partiduaren lehen ordukoa eta handik gorakoa. Ez dot ulertzen zergaitik itxaron behar dauen markagailuan atzetik egon arte partidua irabaztearen aldeko apostu garbia egiteko. Garitanoren taldeak eskuko frenoa kendu barik ekiten deutse partiduei eta larri dagoanean bakarrik kentzen dau. Ordurako beranduegi dala erakutsi deuskue taldeak ligea hasi danetik galdu dituen bost partiduek. Azken ordu erdian erakutsitako ausardia ezin da partidu hasieratik zelairatu?

Datu eta estatistika ugari erabili ebazan Garitanok, Athletic Valladolid baino gehiago izan dala erakusteko. Beste datu batzuei erreparatuta, zuri-gorriek bost partidu galdu dabez liga txapelketako lehen zortzi jardunaldietan, eta norgehiagoka horreetan gol bakarra sartu dabe, Jose Zorrillan penaltiz sartutakoa hain zuzen be. Granada, Alaves, Cadiz, Osasuna eta Valladoliden aurka galdu dau Athleticek, normalean sailkapeneko beheko aldean egoten diran taldeen aurka. Aurten ikusitakoren arabera, Athletic menderatzea ez da bape gatxa aurkarientzat, gauza handirik egin barik ganera.

Unai Simon ez zan fin ibili Jose Zorrillan eta esan beharrik ez dago atezainaren hutsegiteak baldintzatu egin ebala Valladoliden aurkako partidua. Baina neure ustez, Iñaki Williamsek bigarren zatian Masipen aurrean bakar bakarrik huts egin eban aukerea, atezainaren hutsa bezain larria izan zan. Taldeko jokalari "frankizia"k ezinean jarraitzen dau baina ez dau lekua galtzen hasierako hamaikakoan. Bitartean, Villalibre aukerearen zain dago aulkain jesarrita.