Denboraldiko asterik garrantzitsuenari ekin eutson Athleticek matxoaren 1ean. Vila-real, Granada eta Valladoliden aurkako partiduak zituan aurretik Gaizka Garitanoren taldeak. Ganera, ligako azken hamar jardunaldietan irabazi barik egoan eta talde zuri-gorriaren inguruko giroa ez zan bape gozoa, garratza baino. Aste erabakigarri hori igaro da eta Athleticek irabazi egin ditu ligako partidu biak eta kopako finala jokatzeko sailkatu da, asko sufriduta izan bada be. Halanda be, aste horretarako jarritako helburu guztiak bete izana antza ez da nahikoa zale askoren nahiak beteteko eta Gaizka Garitanok kritika zorrotzak jaso ditu, Granadako partiduan erakutsitako jokoagaitik batez be. Egia esateko, ez dot ulertzen entrenatzailearen aurkako kritika etenbakoa. Ez dot bidezko ikusten. Athleticen jokoa hobea izan daiteke, bai, baina balorau egin behar dogu taldeak lortu dauena, goizerik gauera entrenatzaileari azala kentzen ibili beharrean. Hori ez da gure estiloa. Pentsa lei zenbat eta kritika zorrotzagoak bota orduan eta gehiago dakizula futbolaz.

Vila-realen aurkako partiduarekin hasi eban Athleticek denboraldiko aste garrantzitsuena. Zuri-gorriek aurreko hamar jardunaldietako bolada txarrari amaiera emotea lortu eben, aurkaria menderatu eta gol aukera ugari sortuta. Orduan be, Garitanok kritikak entzun behar izan zituan jokalari titularrak zelairatu ebazalako, lau egun beranduago jokatu behar eben kopako finalaurrekoetako partidua kontuan izan barik. Ligan irabazi izanak emondako indarragaz ekin eutson taldeak Granadaren aurkako partiduari. Lehen zati txukunaren ostean, hondoa jo eban taldeak bigarrenean. Kopako finaletik kanpo geratzeko zorian egoanean, zuri-gorriek ez eben amore emon eta irauli egin eben kanporaketea. Minutu askotan ezinean ibili arren, Athletic finalean sartu zan eta bihotza zabaldu euskun zale guztioi. Eta hiru egun beranduago, finalerako sailkatu izana ospatzeko asti barik, Valladoliden jokatu eban, titular ia guztiak zelaian zirala. Zuri-gorriek sekulako eraginkortasuna erakutsi eben aurkariaren ate aurrean eta aurkaria, ostera, txarto ibili zan Unai Simonen ate aurrean. Hamar jardunaldiko bolada txarreko zenbait partidutan Valladoliden baino hobeto jokatu eban taldeak baina ez eban garaipenik eskuratu. Futbola horrelakoa da. Datu esanguratsu bat: Real Madridek eta Sevillak bakarrik irabazi dabe denboraldi honetan Pucelan eta 0-1eko emaitzeagaz. Beraz, edozeinek ez dau irabazten Valladoliden zelaian.

Garbi dago Garitanok sarritan lehentasuna emoten deutsola defentsako lanari erasokoaren kaltetan. Edozelan be, ligan Unai Lopez hamasei bider izan da titular, Vesga zazpi bider eta San Jose hiru bider. Leitekeena da bost atzelariko defentsea gehiegitan zelairatu izana. Cordobari San Mamesen txistu egin eutsoenek, titular izan behar dala dinoe orain. Egia da, Athletic honek partidu negargarri batzuk egin dituela aurten. Bai, baina ez dau inoiz erridikulorik egin eta Getafek eta Atletico de Madridek bakarrik irabazi deutsoe gol biko aldeagaz. Era berean, partidu bikainak be ikusi doguz, San Mamesen batez be. Kontuak kontu, ondo aztertu behar dogu zer daukan Garitanok esku artean eta zer egin leiken daukanagaz, taldearekiko exijentziak gehiegi puztu aurretik. Esan beharra neukan.