Hasiera bikaina emon deutso Athleticek denboraldiko aste garrantzitsuenari. Hiru hilabetez Ligan garaipenik eskuratu barik egon ostean, dinamika negatiboa apurtu beharra egoan zama handi bat kentzeko lepo ganetik eta indarra hartzeko kopako final aurrekoetako itzuliko partidurako. Gaizka Garitanoren taldeak garaipena eskuratu eban Vila-realen aurka eta ez edozelan ganera. Zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan ziran partidu osoan eta gol aukera ugari sortu eben Asenjoren ate aurrean, gol bakarra sartu arren. Barriro be garbi geratu da Athleticek hamaika aukera sortu behar dituela gol bat sartzeko. Atzoko garaipenak lasaitasuna emon deutso taldeari liga txapelketako sailkapenean. Horretaz ganera, Garitanoren gizonek mamu guztiak uxatu ditue Granadaren aurkako kopako partidura begira. Seguru nago Athletic indartsuena ikusiko dogula eguenean Los Carmenes estadioan.

Hiru hilabete denbora asko da garaipenaren zapore gozoa dastatu barik egoteko. Ganera, irabazten ez dan partidu bakotxak handitu egiten dau jasan beharreko presinoa. Ikuspuntu ezbardinak egozan atzo San Mamesen Vila-realen aurkako partidua hasi aurretik. Kazetarion artean behintzat. Batzuren ustetan, Garitanok atsedena emon behar eutsien jokalari titularrei, Granadako Kopako partidurako indartsu egon daitezen. Beste batzuk, ostera, uste genduan hamar partiduko bolada txarra lehen bailehen apurtu behar zala eta Garitanok hamaikakorik indartsuena zelairatu behar ebala Vila-reali aurre egiteko. Athleticeko entrenatzaileak ia titular guztiak zelairatu ebazan domekan San Mamesen. Gaizka Garitanok badaki zer dan bolada negatibo batetik urten ezinik egotea eta horrek taldearen errendimenduari egin leikion kaltea. Entrenatzaileak garaipena eskuratu gura eban bai ala bai eta ia titular guztiak zelairatu zituan, Williams bakarrik itxita ordezkoen aulkian. Erabagiak saria jaso dau, helburua bete egin da-eta.

Athleticeko entrenatzaileak behin eta barriro esaten dau bere taldea lehiakorra dala eta ez dauela inoiz amore emoten. Eta egia da. Zuri-gorriek arazoak daukiez partiduak irabazteko, batez be, arazoak daukiezalako golak sartzeko orduan. Sarritan partiduko gol bakarra sartzea ez da nahikoa izaten hiru puntuak eskuratzeko. Horregaz batera, baina, Athletici irabaztea ez da bape erreza. Zortzi partidu galdu dabez zuri-gorriek ligan eta Atletico de Madrid eta Getafek bakarrik irabazi dabe gol biko aldeagaz. Sendotasun hori erakutsi eban Garitanoren taldeak Vila-realen aurka, ligan gol gehien sartu dauzan hirugarren taldearen aurka. Cazorla eta enparauek bi bider bakarrik jaurti eben Simonen atera. Athleticek, ostera, gol aukera ugari sortu ebazan Asenjoren ate aurrean.

Vila-realen aurka hiru puntuak eskuratu eta joko ona egin ostean, baikor egon gaitekez Granadaren aurkako kopako partidurako. Hasteko, ez dot uste jokalariak nekatuta helduko diranik egueneko partidura. Beraz, Athletic indartsuena ikusiko dogu Los Carmenes zelaian. Eta Athletic indartsuena ez da Granada baino gitxiago, inondik eta inora be. Gol bat sartzean egon daiteke finalerako giltza. Eta argitzeko zalantza bi. Nork beteko dau Dani Garcia zigortuaren hutsunea zelai erdian? Unai Vencedor gazteak ala Mikel San Josek? Bigarrenaren aldeko apostua egingo neuke. Bestalde, ikusteko dago Garitanok hiru zentraleko atzealdearen aldeko apostua egiten dauen. Leitekeena da holan izatea. Finala dogu zain!!!