Amiltegiaren ertzean egoala hartu eban Garitanok Athleticen ardurea eta urte bete luze igaro ostean atzera be bertarantz doala esan geinke. Alavesen aurkako partiduaren ostean danok begiratu dogu sailkapena, eta ez da izan Europarako postuak zenbat puntura dagozan ikusteko, jaisteko postuekiko aldea zenbatekoa dan ikusteko baino. Entrenatzaileak berak aitortu dau Athleticen dagoanetik egoerarik latzena dala gaur egun bizi dauena. Datuak ikaragarri gogorrak dira: Hamar jardunaldi irabazi barik, azken lau partiduak galduta zazpi gol jaso eta bi bakarrik sartuta eta bost puntu hogeta hamarretik. Zorionez, jaisteko postuak bederatzi puntura dagoz hondino. Eta hondino dinot ze dinamika honegaz segidu ezkero laster amiltegia ate joka izango dogulako. Garitanok eta bere taldeak erreakzionatu egin behar dabe lehenbailehen, argi gorriak biztuten hasi aurretik.

Athleticek ez eban galtzea merezi Mendizorrotzan. Ezta Osasunaren aurka be. Lanak eta ahaleginak, baina, ez dabe punturik emoten. Garitanok sarritan esan dauen lez, partiduak areatan erabagiten dira eta gaur egun Athletic ez dabil fin aurkariaren ate aurrean zein Unai Simonen atea defenditzeko orduan. Golak sar-tzeko arazoak aspaldikoak dira. Athleticek hamaika gol aukera sortu behar dauz gol bat sartzeko eta bakarra sartzen badau ez da nahikoa izaten garaipena eskuratzeko. Ganera, ligaren lehen zatian oso sendo agertu zan defentsarako egiturea, huts egiten hasi da. Dani Garciak argi esan eban atzo Gasteizen: "Lehen egiten ez genduzan hutsak egiten doguz orain". Kontuak kontu, area bietan makal dabilen taldeak etorkizun iluna dauka.

Barriro galtzeko ikareagaz ekin eutson Athleticek Alavesen aurkako partiduari. Garitanok hamaikako "sendoa" zelairatu eban Mendizorrotzan. Zortzi jokalariren zeregin nagusiena aurkariaren erasoko ahaleginak deuseztea zan. Erasoko jokoa Muniain, Raul Garcia eta Williamsen kontua zan. Capa eta Berchicheren hegalak zarratuta egozan, azken partiduetan gertatu dan moduan. Garbi dago, Garitanok eusteari emoten dautsala lehentasuna, erasoko jokoaren kaltetan. Aurrelari moduan Mikel San Jose zelaira-tzea falta izan jakon hamaikakoa oraindik gehiago "sendotzeko". Zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan ziran lehen zatian eta markagailuan aurreratzea lortu baeben be, ez ziran aldeari eusteko gauza izan, aurkariak lekuz kanpo harrapau ebazalako kontraeraso baten. Bigarren zatian ez zan ezer gertatu, luzapenean Alavesek garaipenaren gola sartu eban arte. Athleticek ontzat emon eban puntua eta galdu egin eban.

Hiru zentralegaz jokatzearen aldeko apostua egin eban Garitanok Santiago Bernabeun eta Sanchez Pizjuanen eta gauzek ondo urten eben. Hortik aurrera, Athleticeko entrenatzaileak sistema horregaz jokatzen segidutea erabagi badau be, emaitzak ez dira onak izan. Halanda be, entrenatzaileak ez dau alternatibarik plazaratu. Pentsa lei alternatiba bakarra Aduriz zelaira-tzea dala mirariren bat egin daian. Athleticek bizi dauen krisiak erantzunak behar dauz. Bardin jarraituta amiltegirako bidean goaz.

Partidu gogorrak jatorkoz Athletici hurrengo hilabetean. Vila-real eta Atletico de Madrid etorriko dira San Mamesera eta Valladoliden eta Eibarren jokatuko dabe zuri-gorriek, tartean kopa txapelketako final laurenetako itzuliko partidua dala. Erantzunak behar dira dinamika negatiboa hausteko.