Meritu handiko garaipena eskuratu dau Athleticek Osasunaren zelaian. Hasteko, etxeko taldeak urte ta erdi eroian etxean galdu barik, hogeta hamaika partidu hain zuzen be, eta marka horrek garbi erakusten dau Jagoba Arrasateren taldearen sendotasuna bere zaleen aurrean jokatzen dauenean. Beste alde batetik, Iker Muniain barik ekin eutson Garitanok Sadarreko partiduari. Esan beharrik ez dago taldeko kapitaina bikain jokatzen ebilela azken partiduetan, entrenatzaileak erditik jokatzen ipini ebanetik batez be. Hori gitxi balitz, Raul Garcia, taldeko jokalaririk garrantzitsuenetakoa -garrantzitsuena ez bada-, lesionatu egin zan lehen zatian. Oihan Sancet gazteak eta Kenan Kodrok ordezkatu ebezan Muniain eta Raul Garcia eta euren eskutik lortu eban garaipena Athleticek Sadarren. Hemeretzi urteko erdilariak emon eutson lehen golaren pasea iñaki Williamsi eta aurrelari bosniarrak sartu eban garaipenaren gola. Taldearen indarrak emon eutsozan hiru puntuak Athletici Iruñean. Hamalau jardunaldi jokatuta, Athletic sailkapeneko bosgarren postuan dago. Irabazi barik egindako bost jardunaldiko bolada txarra ahaztuta geratu da eta zuri-gorriek hamar punto eskuratu ditue azken lau jardunaldietan. Goranzko joerea nabarmena da.

Athletic talde fidagarria dala nabarmendu eban Gaizka Garitanok Osasunaren aurkako partidua irabazi ostean. “Gure taldeak ez dauka inoiz egun txarrik. Txarto, ondo edo oso ondo jokatu leike baina lehiatu egiten da beti”. Arrazoi osoa dauka Athleticeko entrenatzaileak. Osasunaren aurka be une txarrak igaro ebazan arren, ez eban amore emon. Chimy Avilak bardinketaren gola sartu ebanean bazirudien etxeko taldearen bigarren gola ate joka egoala. Zuri-gorriek, baina, nafarren oldarraldiaren aurrean kikildu beharrean garaipenaren gola sartu eben Kenan Kodroren eskutik. Fidagarritasunari adorea erantsita talde lehiakorra ateratzen da. Horixe da Garitanoren Athletic.

Athleticen fidagarritasuna estatistiketan ikusi daiteke. Hamalau jardunalditan, hiru partidu baino ez dau galdu, Valentzia, Celta eta Atletico de Madriden aurka, eta bederatzi gol bakarrik jaso. Horretaz ganera, sei bider geratu da Unai Simon golik jaso barik, Bartzelona, Reala, Alaves, Mallorca, Espanyol eta Vila-real ez dira-eta gauza izan zuri-gorrien atea zulatzeko. Helburu hori lortu daben taldeen artean, Atletico de Madrid bakarrik izan da gai gol bat baino gehiago sartzeko. Bi izan ziran eta Metropolitanon jokatutako partiduan. Athleticek hobeto edo okerrago jokatu leike baina ukaezina da zuri-gorriena talde lehiakorra dala eta irabazteko gatxa edozein aurkarirentzat.

Ate bat ixten danean beste bat zabaltzen dala dinoe eta Iker Muniainen lesinoak titulartasunareko atea zabaldu deutso Oihan Sancet gazteari. Erronka gatxa zan hemeretzi urteko gaztearentzat baina ederto erantzun dau. Jokalari berezia da eta apurka apurka urratsak emoten dabil Athleticen lehen taldean. Hurrengo jardunaldietan be hasierako hamaikakoan egongo dala pentsa geinke. Ziur nago gazte honek zer esan handia emongo dauela laster. Bestalde, Kenan Kodroren agerraldia positiboa da taldearentzat. Domekan Granada dator Katedralera eta arriskutsua litzateke partidu erreza dala pentsatea.