Athleticek galdu egin dau Santiago Bernabeun eta zoritxarrez ezin dogu esan zuri-gorrien porrota ezustekoa izan danik, azken hamabost denboraldietan ez dira-eta gauza izan hiru puntuak eskuratzeko merengeen zelaian. Azken partidu honetan, baina, Athleticek aukera bikaina galdu eban garaipena lortzeko. Etxeko taldea datorren denboraldira begira dabil aspalditik Espainiako Ligea zein Txapeldunen Ligea irabazteko aukera guztiak galdu ostean. Athletic, ostera, bete-betean sartuta dago Europarako txartela eskuratzeko borrokan. Partidua, baina, oso erosoa izan zan Real Madrilentzat, aurkariak ez eutsolako arriskurik sortu Keylor Navasen atean eta, ganera, erreztasunak emon eutsozalako Herrerinen atea zulatzeko. Kontuak kontu, Zinedine Zidaneren taldeak hiru gol sartu eutsozan Athletici beste munduko ezer egin barik. Azpimarratzekoa da etxeko taldeak ez ebala hiru zutoinen artean jaurti lehen zati osoan. Edozelan be, liga txapelketea amaitzeko bost jardunaldi geratzen diranean, Athleticek bizirik ditu datorren denboraldian Europan jokatzeko aukerak.

Gaizka Garitanok Athletic zuzentzearen ardurea hartu ebanean Athleticek 23 gol eukazan jasota hamalau jardunalditan, 1,64 gol partiduko. Derioko entrenatzailearen lehentasuna izan zan taldeari sendotasuna emotea defenditzeko orduan. Hurrengo hamalau jardunaldietan zuri-gorriek 8 gol bakarrik jaso ebezan. Azken bost partiduetan, ostera, Herrerinek 9 gol jaso ditu. Martxoaren 16an Atletico de Madridi San Mamesen irabazi eutsonetik, talde zuri-gorria ez da bere atea hutsean izteko gauza izan. Gol bat sartu eutson Gironak, bi Levantek, bat Getafek, beste bi Rayok eta hiru Real Madrilek. Kontuak kontu, garbi dago Athleticek galdu egin dauela hasiera bateko sendotasuna. Real Madrilek ez eban aukera askorik sortu baina Benzemak erraztasun gehiegi euki ebazan hiru goletan. Eta esan beharrik ez dago aurkariari alfonbra gorria ipini ezkero ez dagoala partidurik irabazterik, are gitxiago Santiago Bernabeun jokatuta.

Defenditzeko orduan ohi baino huts gehiago egin arren, erasotzeko orduan be, zuri-gorriak ez ziran bape fin ibili. Eta hori ez da kontu barria, etxetik kanpo jokatzen dabenean batez be. Muniain, Beñat, San Josek eta enparauek lan handia egin eben zelaian baina ez eben asmatu Navasen atean arriskua sortzeko orduan. Gaizka Garitanok partidu osteko prentsaurrekoan autortu eban lez, zuri-gorriak makal ibili ziran azken pasea emoterakoan. Horregaz batera, ez eben asmatu euki ebezan aukera apurrak gauzatzeko orduan. Labur esanda, Aberri Eguneko arratsaldea okerra izan zan Gaizka Garitanoren mutilentzako.

Zuri-gorriek ez dabe asti askorik izango Bernabeun gertatutakoari bueltak emoteko bihar Leganesek jokatuko dabe-eta. Bost jardunaldi baino ez dira falta Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek aurrerapausu bat emon behar dau etxetik kanpoko partiduetan. Izan be, zuri-gorriek hiru partidu jokatuko ditue Bilbotik kanpo eta Europarako sailkatzeko, etxeko sei puntuak ataratzea ez da nahikoa izango. Leganes ez dago egoera larrian bederatzi puntora ditu-eta jaisteko postuak. Edozelan be, Bustinza, Eraso eta enparauak garaipenaren bila zelairatuko dira lehen mailan jarraitzeko eskubidea ziurtatzeko. Raul Garciak ezingo dau jokatu bihar partidu bateko zigorra bete behar dauela eta ikusiko dogu Garitanok zelan osatzen dauen hamaikakoa nafarraren hutsunea beteteko. Getafe eta Bernabeuko partiduetan ikusitakoa ezin da errepikatu bihar Leganesen, garaipena eskuratzeko aukeraren bat euki gura ezkero.