Athleticek sendo segiduten dau Europarako bidean liga txapelketea amaitzeko sei jardunaldi geratzen diranean. Gaizka Garitanok argi eta garbi esan eban etxeko partiduak irabaztea oso garrantzitsua izango zala helburua betetzeko eta zuri-gorriek gotorleku bihurtu dabe Katedrala. Hori bai, azkenaldian gura baino gehiago sufri-tzen dabilz garaipenak eskura-tzeko. Levanteren aurka azken minutuan penaltiz sartutako gol batek emon eutson garaipena eta Rayo Vallecanoren aurka epaileari ordua eskatzen amaitu eben Garitanoren gizonek, aurretik gol aukera piloa alperrik galdu ostean. Edozelan be, Athleticek olatuaren ganean segiduten dau eta Europarako ateak zabal-zabalik ditu. Ez da bide erreza izango, jokatzeko dagozan sei partiduetatik lau etxetik kanpo jokatuko dauz-eta.

Gaizka Garitanok asko maite dau bere lana. Ordu asko sar-tzen ditu Lezaman eta bere laguntzaileekaz batera goitik behera aztertzen ditu aurkariak euren aurka jokatu aurretik partidua ondo prestatzeko. Ez da kasualidadea Athleticek hain ondo ekitea partiduei. Levante zein Rayo Vallecanoren aurka zuri-gorriak bizi-bizi zelairatu ziran eta markagailuan aurretik ipintea lortu eben. Madrildarren aurka, ganera, bigarren zatiaren hasieran be beste gol bat sartu eben. Eta Rayoren aurka sartutako lehen gola estrategia jokaldi baten iritsi zan. Entrenamentuetan egindako lanaren fruitua jaso eban Garitanoren taldeak.

Rayo Vallecanoren aurkako partiduan San Mamesen batu ginanok ez genduan aspertzeko astirik izan, Paco Jemezek zuzendutako taldearen aurkako norgehiagokak danatarik eskeini euskun-eta: Bost gol, penaltiak, txartel gorri bat, jokaldi eztabaidagarriak eta hainbat eta hainbat gol aukera. Partidu zoroa izan zan. Iñigo Martinezek garbi esan eban partiduaren aurretik Rayo Vallecanori ezin jakola jokatzen itxi, ederto jokatzen dakielako. Athleticek bikain ekin eutson norgehiagokari. Gaizka Garitanoren ustez, taldeak denboraldiko jokorik onena egin eban lehen hogei minutuetan. Lehen zatiaren bigarren erdian, baina, aurkaria nagusi izan zan zelaian eta bardinketaren gola sartu eban. Athleticek ez eban amore emon eta barriro ipini zan aurretik markagailuan bigarren zatia hasi bezain laster. Ganera, Advinculak mesede galanta egin eutson talde zuri-gorriari txartel gorria eraginda. Partidua erabat bideratuta euki arren, Athleticek sufridu egin eban bigarren zatian. Williams, Raul Garcia, Muniain eta enparauak ez ziran fin ibili aurkariaren ate aurrean eta ez eben asmatu norgehiagoka erabagita ixteko orduan.

Athleticek 35 puntu eskuratu ditu azken hamazortzi jardunaldietan, Gaizka Garitanok taldearen ardurea hartu ebanetik. Bartzelonak, 46, Atletico de Madridek, 40, eta Real Madrilek, 37, bakarrik lortu dabez zuri-gorriek baino puntu gehiago tarte horretan. Hamalaugarren jardunaldian, Athletic jaisteko postuetan egoan 11 puntugaz. Eibarrek 18 puntu eukazan, Realak 19 eta Alavesek 24. Hogeta hamabi jardunaldi jokatuta, talde zuri-gorria da euskal talderik onena.

Rayoren aurkako partiduaren ostean, VAR dalakoaren ganeko eritxi bi entzun genduzan, Garitanoren aldekoa eta Jemezen aurkakoa. Neu be VAR erabiltearen aldekoa naz eta bat egiten dot Athleticeko entrenatzaileak esandakoagaz. Hori bai, azken erabagiak hartu arteko denborea murriztu egin behar dala uste dot.