Athleticek sendo jarraitzen dau Gaizka Garitanoren eskutik. Zuri-gorriek urrearen balioa daukan garaipena eskuratu eben Gironan eta buru belarri sartuta dagoz sailkapeneko goialdeko postuetan sartzeko borrokan. Europa Leagueko tokiak hiru puntura dagoz eta Txapeldunen Ligarako sailkapena emoten dauen laugarrena sei puntora. Ukaezina da zorabioa eragiten dauela Europa aitatzeak taldea nondik datorren kontutan izanda. Baina zenbakiek ez dabe guzurrik esaten eta liga txapelketea amai- tzeko bederatzi jardunaldi geratzen diranean Athleticek esku eskura dauka Europarako sailkatzeko aukerea. Gaizka Garitanoren taldeak hogeta bederatzi puntu eskuratu ditu hamabost jardunalditan. Derioko entrenatzailaren eskutik zuri-gorriek partidu bi baino ez dabez galdu -Anoetan eta Mestallan-, zortzi irabazi eta bost bardindu. Beraz, diskurtsoa aldatzeko unea iritsi da taldeak bizi dauen errealidadera egoki- tzeko.

Athleticek lehen mailan jokatuko dau hurrengo denboraldian be. Atzean geratu da amildegiaren ertzetik dantzan ibili zan sasoia. Gaizka Garitanoren eskutik taldeak izan dauen itxuraldaketea ikaragarria izan da. Berizzoren aginduetara noraezean ibili ostean, Athletic talde sendoa bilakatu da, gauzak argi dituena. Mailari eustea eta holako kontuak aitatu ebazan entrenatzaileak Gironaren aurka jokatu aurretik. Montilivin hiru puntuak eskuratu ostean Garitanok diskurtsoa aldatu beharko dau eta helburu barriak ipini liga txapelketako azken txanparako. Diskurtsoa aldatzeak ez deutso punturik emongo talde zuri-gorriari baina Europa hortxe bertan dago eta sailkapeneko zulotik urteteko erakutsitako anbizinoari eutsi behar deutso talde zuri-gorriak denboraldiari amaiera bikaina emoteko. Ez dago zer galdurik, denboraldiko lehen zatian mailea galtzeko arriskuan egon ostean.

Bederatzi partidu geratzen dira Ligea amaitzeko. Athleticek lau partidu jokatuko ditu San Mamesen eta bost handik kanpo. Bederatzi aurkari horreetatik, bost sailkapeneko erdialdetik behera dagoz, Levante, Rayo, Leganes, Valladolid eta Celta. Beste laurak Athleticen aurretik, Real Madrid, Getafe, Alaves eta Sevilla eta azken hiru honeek zuri-gorrien aurkari zuzenak dira Europako postuak eskuratzeko lehian. Kontuak kontu, ez neuke esango Athleticek azken bederatzi jardunaldietan jokatuko dituen partiduek zailtasun berezirik daukienik, Santiago Bernabeukoa eta Sanchez Pizjuanekoa kenduta. Horregaz ez dot esan gura Europarako sailkatzeko bidea erreza izango danik, besteak beste Levante, Rayo, Leganes, Valladolid eta Celta mailari eusteko borrokan sartuta dagoz-eta. Baina Athleticek azkenaldian erakutsi dauen sendotasuna ikusita, Europarako sailkatzeko aukerea ez dot urrun ikusten. Maileari eusteko borrokea amaituta, talde hau indarrez ganezka dago beste lubaki bat konkistatzeko. Horretarako, baina, gauza batzuk hobetu egin behar dira. Izan be, zuri-gorriek ez eben bape ondo jokatu Gironako lehen zatian, bigarrengoan ederto erreakzionatu eben arren. Albiste ona izango litzateke Aritz Adurizen itzulerea ligako azken txanparako. Gaizka Garitanok ezin izan dau zelairatu azken hamar partiduetan baina halandabe taldeak aurrera egin dau Williams eta Raul Garciaren golei esker. Europarako lehenengo urratsa bihar emon behar da Levanteren aurka San Mamesen.