Helsinkiko trenen geltoki nagusian gertatu zen, pandemiak eragindako murrizketak amaitu berritan. Onni, nire lagun batek Tamperera joateko trena hartu behar zuen. Aurretik kafe bat hartzea bururatu zitzaion. Penaz itzuli zen tabernatik. “Ezin dut sinetsi”, esan zidan”. Zerbitzariak finlandiar hizkuntza piperrik ez du hitz egiten eta suedierarik ere ez. Esan dit, nahiko modu txarrean, eskaerak, hemen bertan, ingelezez egin behar direla”. Lau urte geroago, benetako finlandiarrek, suomi ultraeskuindarrek, Petteri Orporen kabinetean zazpi ministerio dituzte. Ezezagun koalizio bat gobernura iritsi zen 2023an. Beraren kanpainean hori bezalako anekdotak erabili zituen “benetako finladiarrek” etiketa bultzatzeko.
Egun haietan, CAFek, Beasaingo lantegian egunero euskaraz eta ingelesez bizitzen direnak, ehun milioi euroko kontratua sinatu berri zuen, Suomi VR konpainiaren linea nagusiak mantentzeaz arduratzeko. Hemengo langileek dagoeneko han egiten dute lan, eta han gutxienez hamarkada bat emango dute proiektu hau gidatzen. Ez dugu inondik inora entzun finlandiarra oztopo izan denik herri hark euskal talentua bereganatzeko eta egokitzeko.
Europar Batasunaren leloa “aniztasunean bat eginda” da. Hemen hitz egiten ditugun hizkuntzak, euskara ere bai, hor sartuta daude. Kultura-aniztasunaren munduko erreferente gisa bereizten gaitu. Ezaugarri honek errespetutik eta aintzatespenetik abiatuta elkarrekin bizitzea laguntzen digu. Aniztasunerako entrenatzen gaitu. Ez dirudi ideia ona denik aniztasun hori talentuaren etsai kontsideratzea. Beraz, aniztasunaren etsaien aldeko argudioak batu aurretik, aholku bat emateko Arratiako adierazpen zahar eta jakintsu bat erabiliko nuke: “Beroana kendu”.