Síguenos en redes sociales:

Itunak

JENDE askori ez zaio gustatzen hauteskundeen ondoren dagoen tarte hau, itunena, uste baitute dena dela merkatua, dena iruzurra, dena trikimailua, dena tranpa. Hautesle askok itunen garaian politikaz pentsatzen duenak kultura politiko falta ikaragarria begien aurrean jartzen du gordin, edo, bestela, lañotasun hunkigarri eta xaloena, biak oso ikerketagai interesgarriak (ez dakit hautesle psikologia oso garaturik dagoen ala ez).

Orain dela gutxi udal hauteskundeetan PSEri boto eman zion ezagun bat kexu zegoen sozialistek jeltzaleekin ituna, edo alderantziz, berrituko dutelako. Harriturik galdetu nion ea ez zuen espero sozialistek eta jeltzaleek elkarrekin ibiltzeko duten ohiturarekin segi-tzea, eta haserre begiratu zidan, amorraturik ia, marmarka EAJren kontra, ez berak hautatu zuen partiduaren aurka.

Gehienok badakigu alderdiek kanpainan estaten dutena, itunez edo edozein arazori buruz, ez dugula gehiegi sinetsi behar, askotan ikusi baitugu agindutakoaren aurkakoa egiten lasai asko. Horregatik, politikari zuhurrenek gaia alboratzen zuten, edo oso modu lausoan aritzen ziren galdera labainkorrak egiten zizkietenean. Orain, aldiz, gehiegi hitz egiteak edo zuzenean gezurra esateak ez du ondorio handirik.

Barregarria da ikustea Arabako Errioxan PPko hautagai batek EH Bilduri ituna proposatzen diola, barregarria edo penagarria, ez dakit. Barregarria da, edo penagarria, ikustea Iglesias jaunaren ahaleginak Sánchez jaunarekin itun sendoa lortzeko, gobernuan egon ahal izateko. Barregarria da, edo penagarria, ikustea Colau andreak itunak proposatzen diela haien artean itunik nahi ez dutenei. Barregarria da, edo penagarria, Irungoa. Barregarria da, edo penagarria, “galtzaileen itunak” sala-tzen zituzten horiek galtzaileen itunen atzean ikustea. Barregarria da, edo penagarria, ikustea Ciudadanoseko ahaleginak Voxekin egingo dituen itunak gehiegi ez nabarmentzeko. Barregarria da, edo penagarria, Nafarroako tronu dema ikustea.

Baina barregarriagoa, edo penagarriagoa, izango da hurrengo hauteskundeetan gauza bera errepikatuko dela pentsatzea.