2018-19 denboraldiak ez dau danok gura genduan amaierea izan. Athleticek ez dau jokatuko Europan hurrengo kanpainan ezin izan deutsolako eutsi zazpigarren postuari Sevillan galdu ostean. Europatik kanpo geratu arren, Athleticek lehen mailan jokatuko dau hurrengo denboraldian. Eta ez da gitxi, abenduaren hasieran talde zuri-gorria jaisteko postuan egoala kontutan eukita. Kontuak kontu, zazpore gazi-gozoa geratu jaku. Alde batetik, amildegitik urrundu eta liga amaiera lasaia euki dogulako eta bestetik Europarako ateetan geratu garalako azken txanpa makaltxua egin ostean. Gaizka Garitanok taldearen ardurea hartu ebanetik hamalaugarren jardunaldian, Athleticek berrogeta bi puntu eskuratu dauz hogeta lau jardunalditan. Itzela benetan. Azken zortzi jardunaldietan, baina, hamar puntu lortu dauz hogeta lautik.
Aurreko martitzenean esan genduan lez, Sanchez Pizjuan ez da inoiz zelai aproposa edo erosoa izan zan Athleticentzat. Puntu bat eskuratu behar eban Gaizka Garitanoren taldeak Europarako txartela eskura-tzeko baina esku hutsik geratu zan. Talde batek bardinketaren bila urteten dauenean normalean galdu egiten dau. Horixe bera jazo jakon Athletici Sevillan Caparrosen taldearen aurka. Sanchez Pizjuanen jokatutako partiduan ikusitakoaren arabera, zuri-gorriak ez ziran zelairatu garaipenaren bila. Egia esateko, ez dot uste jokalariek eurek be ez eukiela oso argi zertara urten eben zelaira. Partidu bat irabazteko golen bat sartu behar da aurkariaren atean eta lehen zati osoan Garitanoren taldea hurreratu be ez zan egin. Holan, jakina, ez dago hiru puntuak eskuratzerik. Sevillaren gola jaso ostean, zuri-gorriek derrigorrean ekin eutsen erasoari bigarren zatian baina ahaleginak ez eban saririk jaso. Egia esanda, zorteak be ez eutsen lagundu Iñigo Martinezen errematea sare barrura joan beharrean langan jo eban-eta.
Artez esateko, Sanchez Pizjuanen gertatutakoak ez nau ezustean harrapau. Izan be, Garitanoren taldearen errendimenduak beherakada nabarmena euki dau etxetik kanpoko partiduetan, azken bostetan batez be, Getafekotik hasita. Zuri-gorriek gol bakarra sartu dabe bost partidu horreetan. Ganera, Leganesen zelaian garaipena emon eutson gola etxeko taldeko jokalari batek sartu eban. Getafen, Valladoliden, Santiago Bernabeun eta Sanchez Pizjuanen Athleticek ez dau golik sartu eta ezta punturik lortu be. Ganera, erakutsitako jokoa makala izan da. Etxeko partiduetan, ostera, Garitanoren Athleticek ez dau partidu bat bera be galdu eta puntu gehienak Katedralean geratu dira, gehienetan ondo jokatuta ganera. Beraz, taldeak aurpegi ezbardinak erakutsi dauz etxeko eta kanpoko partiduetan.
Garitanok eta bere laguntzaileek lasaitasunez prestatu ahal izango dabe hurrengo denboraldia, Europa Leagueko aurrekanporaketak jokatzeko zamea izan barik. Taldeak badauka zer hobetu datorren denboraldirako, jokoa sortzeko orduan batez be. Garitanok bloke sendoa bilakatu dau Athletic defenditzeko orduan baina taldeak gauza gitxi erakusten dau jokoa sortzeko orduan, etxetik kanpoko partiduetan batez be. Erdialdeak ikutu batzuk behar dauz ezinbestean.
Zorterik onena opa gura deutset Markel Susaeta, Ander Iturraspe, Mikel Rico eta Sabin Merinori. Eta Etxeita? Horregaz batera, kezkatuta be banago, gero eta euskera gitxiago entzuten dalako Lezamako prentsa aretoan. Aurrerantz barik atzerantz goaz. Amaitzeko, Javier Clementek, Euskal Selekzinoko hautatzaileak, Bilbao Athleticeko jokalari batzuk deituko baleuz Panamaren aurka joka-tzeko onartuezina irudituko litzakit. Errespetu falta handia litzateke.