EZ nator bat hauteskunde-kanpainek ezer onik ez dutela diotenekin. Bada niri izugarri gustzen zaidan une bat: bukatzen direnekoa. Politikazale izanik, tartekoarekin ere atseginik hartu ohi dut inoiz, baina ez da herenegun amaitu zenaren kasua. Espainian ordezkari-tzarik handiena duten alderdien zerrenda-buruen kanpaina -liderrena idazten hasi naiz, baina ez dut hitz hori hainbeste lorrindu nahi- oso kaxkarra iruditu zait, bereziki eskasa, partikularki lardatsa. Proposamen sozialik, azalpen programatikorik? apenas izan den. Elkar lokatzez zipriztintzen saiatu dira nagusiki, besteen balizko gobernu-itunez eta hauteskunde osteko bidelagunez aritu dira etengabe. Norbere gustuko hitzarmenez mintzatzea baino interesgarriagoa begitandu zaie besteenak lotsagarri uztea.

Inoizko maila intelektualik apaleneko zerrenda-buruak ote ditugun da nire irudipena. Ditugun ez, dituzten. Eta, halere, maila intelektualak oso behean utzi ditu maila etiko eta morala. ETA desagertu zen, armarik ez du jada, baina zenbaitek ezin du kanpainarik burutu hura zukutu gabe. Casadok esan du Sanchezek eskuak odolez zikinduak dituela, zentsura moziorako EH Bilduren botoak onartu izanagatik. Aurrez hitz bertsuekin gaitzetsi zuen Idoia Mendia, sukalde batean Andoni Ortuzar, Lander Martinez eta?Arnaldo Otegirekin agertu zelako. Hemerotekan nahi duguna aurkitu eta ikusten dugu. Casadok ez dio garrantzirik ematen Mayor Orejak Txomin Ziluagarekin bazkaldu izanari. Noiz eta 1986an, ETAk jendea erruz hiltzen zuenean. Eta ez dio kontuan hartzeko modukoa irizten Aznarrek, 99an ETArekin negoziatzen ari zela, Euskal Herriko Askapen Mugimendu deitu izanari.

Gaur hauteskundeak, atzerriko gobernuan eragiteko baliabideak emango dizkigulakoan. Gero eta atzerriago, gero eta deserriago.