Síguenos en redes sociales:

Fridays for Future

Fridays for Future

PIPI Langstrump ere bakartia zen. Animaliak zituen lagun, naturarekin bat eta bakean bizi zen eta bere egitekoa, Tommy eta Annikari begiak ireki araztea zen. Nagusien eta gaztetxoenen munduen arteko distantzia salbaezina zela erakustea. Gaztetxoek beren mundua eraikitzearen aldeko aldarria egitea. Umeen mundua umeena baitzen. Nagusiek kutsatu gabea. Greta Thunberg-ek ere asko du Pipi Langstrump edo Pipi Kaltzaluzerengandik. Txirikordetatik hasita. Hitz egiteko modu zuzena du, ahoan bilorik gabea. Europako agintariei eta munduari hitz egin dio, edonork ulertzeko moduan eta inork aurrez egin ez bezala. Nagusiak inozoak balira lez. Pipik esango zukeen moduan, “nagusien ereduzko mundua hankaz gora jar-tzeko nahikoa delako neska muturluze bat”. Astrid Lindgren idazle suediarraren istorioa errepikatzen ari zaigu. Aitari eta amari, hau da, agintariei “gazteok planto egiten dugu” esateko garaia heldu dela adierazi du Gretak: “Etorkizuna bermatu diezaguzuen nahi dugu. Zuen bizitza erosotik atera zaitezten eskatzen dizuegu; zuen seme-alabak maite badituzue, beraien alde zerbait egin dezazuen. Ez dugu itxaropena izan dezazuen nahi, beldurra senti dezazuen baizik, eta agitzen hasi zaitezten, behingoz. Egiten ari zaretena, har-tzen ari zareten neurriak, ez dira nahikoak. Etorkizuna lapurtzen ari zatzaizkigute”. Bakearen Nobel sarirako izendatu dute Greta gaztea. Nobela jasotzen gazteena litzateke, hala erabakiz gero. Greta gaur egungo gazteen balioen erreferentea da. Gaur egungo gazteek mugitzeko eta gazteak mugiarazteko duten indarraren sinbolo. Gaur egungo gazteen munduaren irudi. Erabiltzen duten lengoaiaren erakusgarri. Herri handien interesen gainetik boterea eskuz alda-tzen saiatuko direnen lekuko. Axolagabekeria, gezurra, koherentzia gabezia eta itxurakeriaren aurkako antidoto. Gretak Pipiren hitzak bere egin dituela esan liteke: “Gure munduan guk agindu behar dugu, nagusiek ez baitute gure mundua ez ezagutzen, ez ulertzen. Ez baitute gure munduaz ezer jakin nahi. Beraiek beraiena bapo eraiki zuten, beraientzako”.