Mozorroak
iNAUTERIAK datoz eta ba-tzuk mozorro baten azpian ezkutatuko diren bitartean, beste batzuk erabakiko dute eguneroko mozorroa gainetik kendu eta mozorro berri baten azpian euren benetako nortasuna erakustea.
Mozorro garaia heldu da, eta, hara, hauteskunde kanpainarekin batera heldu da. Zer da ba azken batean hauteskunde kanpaina bat mozorro bat diseinatu eta hori kalean erakusten ibiltzea baino? Ez al da ba kanpaina pertsonaia bat asmatu eta besteei hori zarela sinestarazteko saiakera bat? Alderdi bakoitzak erabakitzen du zein irudi, zein mezu, zein aurpegi erakutsiko duen bere alderdiak kanpainan zehar. Aldarrikapen ezberdinei helduko diete, baina badago aukeraketa bat, pertsonaia baten barnean sartzea, eta pertsonaia hori zarela sinestea. Badago mozorrotze bat.
Inauterietan batzuk mozorro baten azpian ezkutatzen dira, bai, baina badaude ere mozorrotuta inoiz baino erosoago eta bakean sentitzen direnak euren buruarekin. Badaude urte guztian zehar pertsona arrunt baten mozorroaren azpian ezkutatuta ibiltzen direnak, eta inauterietan euren benetako nortasuna erakusten dutenak.
Holako fenomenoa ere gertatzen da alderdi politiko batzuekin kanpainan daudenean: euren anatomiaren bizkar-hezurra agerian uzten dute. Barne barnean gordetzen dituzten benetako ideiak agertzen dira, euren benetako helburuak. Hala, ez da harritzekoa alderdi batzuek, adibidez, feminismoaren eta berdintasunaren kontrako mezuak zabaltzen ibiltzea azkenaldian eta gai honen inguruan euren jarrerak gogortzea. Berdintasunarekin bezala beste hainbat gairekin baita ere. Mozorrotu baino, biluztu egiten dira batzuk hauteskunde kanpainetan. Baina biluztea beti dator erabaki estrategiko baten ondorioz. Beraz, beti inkesten arabera, batzuetan hobeto datorkie euren benetako nortasuna eztaltzea, eta beste batzuetan euren benetako nortasuna erakustea. Nola asmatu horrela? Zaila. Mozorroen dantza beti baita engainagarria, eta zaila izaten da jakiten nor den nor.