GasteizkO Frantzia kaletik nabil eta kale erdiak ez, baina bai kale laurdenak entzun ditzake gizonezko batek sakelakoari hitz egiteko erabiltzen dituen oihuak: “Dato kalean nagoela. Berehala helduko naiz”. Kalean gaudenok mikrosegundoko begirada lotsatiak elkar gurutzatu ditugu, diskrezio gasteiztarraren eredu, gezur txiki horiek guztiok ulertzen baititugu, eta esaten; bizitza, bestela, jasangaitza izango litzateke. Florida parke erdiak ez, baina bai parke laurdenak entzun dio emakumezko bati sakelakoa aho aurrean, Legebiltzarretik gertu: “Ez, ezin dut. Bilbon nago orain”. Ai, zenbat eleberri, zenbat sekretu, zenbat bizitza misteriotsu ez zaizkigun agertuko oraindik txorien lehen kantuen artean! Beharrezkoa ere ez zen arreta diskretoa jarri dut, baina segidan etorri den hutsalkeria zerrenda etsigarria izan da. Autobus geltoki erdiak ez, geltoki osoak entzun dio nire alboan dagoen gizonari: “Gurasoekin nago orain. Deituko dizut”. Ondoan duen emakume gaztea ezin da inolaz ere ama izan (ezta aita ere, jakina): gizona baino gazteagoa da eta genetika ikerketak, alokairuko sabelak eta asmakizun horiek guztiak ez daude (oraindik) hain aurreratuta. Burua liburutik altxatu gabe belarriak eskaini dizkiot, ahalegin handirik egin barik, gizonari telefonoz ari zen bitartean, bikoteari telefonoa itxi ondoren, baina dena izan da astelehenak bezain arrunta. Agian, horrexegatik hitz egiten du jendeak telefonoz hain ozen ezezagunen aurrean?

Egun batean, baina, belarri ondoan nuen ezezagun baten eta sakelakoaren arteko garrasi, gezur eta ahoberokeria mordoa hain zen handia ezen begira geratu nintzaiola harriturik jendetasunak aholkatzen duena baino segundo gehiago (eta diskrezio gasteiztarrak ezartzen duena baino askoz gehiago). Errieta espero nuen, zer-axola-dizu tankerakoa, baina ez, ezezaguna urrutiratu zen bizkor eta ahapeka segitu zuen sakelakoarekin zuen harremana. Harez geroztik hirutan edo errepikatu dut prozedura norbait sakelakoarekin deiadarka gertu izan dudanean: harrigarria da zenbat txori entzuten den Gasteizen.