beti iruditu zait “pornografikoagoa” indarkeria sexua baino. Adin txikikoentzat kaltegarriagoa. Nahiago noski nire seme-alabek norbait sexuaz gozatzen ari den bideo bat ikustea, hilketa baten bideoa ikustea baino. Baina esango nuke gure gizarte honetan kontu handiagoz ibiltzen garela sexuarekin indarkeriarekin baino. Ez dugu adin txikikoek pelikula baten protagonista orgasmora heltzen ikusterik nahi, baina halako malgutasun bat dago hilketa, abusu edo tratu txarrekin. Edozein ordutan ikusten dugu telebistako edozein serietan hilketa bat, bahiketa bat? Normala iruditzen zaigu umeak plastikozko pistolekin elkarri tiroka ibiltzea, edo bideojokoetan jendea hiltzen ibiltzea. Baina ez, sexurik ez, mesedez.
Aspaldi dago zabalduta kezka bat hezitzaile eta gurasoen artean pornoaren inguruan. Hamabi urtetik aurrera ume askok (batzuk lehenago!) euren telefono mugikorra dute, eta interneten bitartez oso erraz dute irudi pornografikoak ikustea. Hemen hasieran esandakoa berresten dut. Kaltegarria ez da berez sexua ikustea, baizik eta halako pelikula pornoetan erabiltzen den indarkeria (batez ere emakumeen kontrako indarkeria). Arazoa ez da ume batek hamabi urterekin emakume eta gizon bat, bi emakume, bi gizon (eta nahi dituzuen bariazio guztiak sartu hemen), sexuaz gozatzen ikustea, arazoa da egungo pelikula porno gehienetan dagoen indarkeria, azaltzen diren sexuen arteko botere harremanak, pertsonen duintasunaren kontrako jarrerak eta abar.
Gure seme-alaben sexu heziketa pornoan oinarrituko bada, sexuaz izango duten ikuspegia sexista, matxista, indarkeriazkoa eta faltsua izango da. Une honetan pornoan hezi diren gazte askok uste dute emakumeak besteen gozamenerako tresna direla, eta euren agindutakoari men egin behar dietela. Eta neska askok behartuta ikusten dute euren burua nahi ez duten gauzak egitera, hala delakoan.
Ezin dugu haien heziketa sexuala egun nagusiki egiten den pornoaren esku utzi. Pornoa ikusi, ikusi egingo dute, beraz, agian indarkeria zantzurik gabeko eta botere harreman orekatu bat islatzen duen pornoaren bila hasi beharko ginateke.