OsO aste gorabeheratsua dugu hau. Joan den asteburuan izandako manifestazio patetiko batek hasiera eman dio asteari. Lotsaren luze-laburrak agerian gelditu ziren igandean. Espainiako kapitalean bildu ziren garai zaharrak eta gorrotoaren legeak arautzen eta maitatzen dituzten milaka kaletar eta zale nostalgiko, hainbat lurraldetatik etorrita. Politika zahar, ustel, eta korrupzioaren paradigman bizi eta uger egiten duten horiek.

Eskuin muturreko biodibertsitateko izaki garrantzizkoenak, hirukote gisan eta batera agertu ziren parafernalia faltsuan bainaturik, norgehiagoka, ea nor zen espainolago eta gezurtiago. Eta horiekin batera Hogar Social, UPN, Falange Espainola, edo UPD bildu ziren, Colon plaza Espainiaren batasunaren ikurra bilakatzeko asmoz, une efimero batez bada ere. Baina dena hutsaren hurrengoa izan zen.

Halarik ere, hedabide zenbaitek ahotsa eman diote manifestazio horri eta ez beste askori. Zifrak konparatzeagatik: Altsasuko auziperatuen askatasuna eskatzeko ehun mila pertsona bildu ziren.

Baina esandakoa, horrek aste honetako agenda politika kutsatu nahi zuen. Asteartean bertan, Kataluniako hamabi buruzagi independentisten aurkako megaepaiketa hasi baita. Jabetu behar gara prozesu subiranistaren kontrako eraso horrek herritar guztion eskubideak jokoan jartzen dituela, epaiketa hori demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa baita. Modu batean edo bestean, bestelako estatus politikoa nahi dutenak bertan ere jesarrita izan dira, eta sententziak argi utziko du benetako demokrazia batean bizi garen ala ez.

Dena dela, Espainiako justizia lotsagorritu beharko litzateke, historia beltzean bere marka utzi baitu, hori bezalako auzia bidean jarrita.

Egiak egingo du bidea. Beste aldetik, konstantziaren bide handiaren ospakizuna otsailaren 11n egin zen, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean. Egun horretan jo eta su aritzen diren hainbat emakumeren jarduna ikusarazi zen, behar den moduan, jarduera zientifiko-teknikoak ez baitira, soilik, gizonezkoen kontua. Zorionez.