Síguenos en redes sociales:

Barre

Barre

EZ dut bideo osoa ikusi. Azkenaldian ez daukat urdaila irudi garratzak ikusteko moduan, edozerk ematen dit bihotzerrea. Estatu batuetako ikasle horien bideoaz ari naiz, adineko indigena bati barre egiten dioten horietaz, Trumpen alde eta abortuaren kontra egiteko elkartu diren egunean. Zati batzuk ikusi ditut bakarrik, baina hain mingarri eta lotsagarria iruditu zait, ez dut adorerik izan dena ikusteko.

Ondorio asko atera daitezke irudi horietatik, mundu honen norabide beldurgarriaz, adibidez. Izan ere, irudiek beldurra ematen dute.

Nathan Philips izeneko indigenak berak, telebistan egin dioten elkarrizketa batean laburbildu du: “Beldur naiz beraiengandik, haien espiritu eta etorkizunarengandik eta herri honekin egingo dutenarengatik”.

Hitzak entzun eta berehala, burura etorri zait Neskamearen Ipuineko protagonistak esaten duen esaldi bat: “Zergatik ez genuen ezer egin gauzak aldatzen hasi zirenean?”. Gizon hau ere etorkizunaz ari da: mutiko horiek biharko agintari, konpainietako zuzendari, epaile edo irakasleak izango dira.

Baina irudiok beste zerbait adierazi didate baita ere: ezberdinarenganako eta, bereziki, zaharrenganako mespretxua.

Gero eta urte gehiago bizi gara, medikuntzaren aurrerapenei esker, besteak beste, baina zer leku ematen diegu gure gizartean, mendebaldekoan behintzat, adineko pertsonei? Geure buruei galdetu ahal diegu zergatik egiten dugun hainbeste ahalegin gehiago bizitzeko, gero ez badiegu pertsona nagusiei inolako lekurik ematen, ez badiegu inolako autoritate, prestigio edo baliorik ematen. Ez badugu entzuten ere esaten dutena.

Ez dakit, bideoak mina eragin dit erakusten duenagatik, baina baita adineko pertsonek gure gizartean jasaten duten tratuaz pentsarazi didalako.

Mingarria iruditzen zaizkigu bideoan ikusten diren irudiak, baina, zeharka bada ere, gure gizartean adinekoei ematen diegun lekuagatik, guk ere barre egiten diegu nolabait aurpegira, egunero gutxietsiz.