Euskara jalgi hadi plazara, dan-tzara, mundu guztira lau haizeetara barreiatu zuen Bernard Etxeparek, 1545. urtean, euskaldunen hizkun-tzaren hasikinak edo lehen fruituak agertu nahi zituen liburu gogoangarrian. Harrezkero, sarritan irakurri ditugu gure hizkuntzak, hiztun elkarteak hobeto esan, mendeetan jasan dituenak, izan duen atzerakada, bai eta azkenaldion han-hemen gertatzen ari den biziberritzea ere.

Nekez uler litezke euskarak azken hamarkadatan egin dituen urratsak ikastolen, idazleen, eskolen, itzultzaileen, iker-tzaileen, komunikabideen, argitaletxeen, hizkuntzaren industrien, herri-erakundeen zein bestelakoen engaiamendua azpimarratu gabe. Era berean, egun okerrago geundeke, pasa den mendeko 60ko hamarkadan, lehenagotik zetorren asmoari berriz ekin ez balitzaio. Asmo hori euskara eguneratu eta noranahikoago bilakatu nahi zuen, euskararen batasuna abiaraziz, hain zuzen.

Asko aurreratu dugu. Duela zenbait urte pentsatzen genuena baino gehiago eta, hala ere, nahiko genukeena baino gutxiago. XXI. mendean gure hizkuntza bizi da, inoiz baino hiztun eta erabilera-eremu gehiago ditu, XIX. zein XX. mendeetan euskarak hurrengo mendera iritsiko ez zela iragarri zutenei kontra eginez. Gure gizartearen borondateak, atxikimenduak, konpromisoak lortu du hori. Euskara bizirik irautearen meritua euskal gizarteari zor baitzaio, hein handi batean.

Norbaitek pentsa lezake bidean zerbait galdu dugula, eta, batasunari leporatuko diote jazoera hori. Halakoei esango nieke zerbait galtzearen edo gure hizkuntza erabat desagertzearen artean hautatu behar genuela. Halaber, aditzera emango nieke, aberasgarri eta batasun bidean kontuan hartzekoak diren tokian tokiko aldaeren abiaburuan, eredu bateratua zegoela, gerora, gure herriak historian zehar bizi izan dituenengatik, barreia-tzen, sakabanatzen eta urruntzen joan dena. Batasunari zor zaio urruntze horri galga jar-tzea, bai eta hiztun elkartea berrosatzen joan dadin ekarpen erabakigarria egitea ere.

1968. urtean, Arantzazun, lehenago eginiko eginahalak kontuan hartuz eta zenbaitetan barruratuz, euskararen batasunaren oinarrizko zimentarriak jarri zituzten. Ondoren, joan gara zimentarri horien gainean habe eta hormak eraikitzen, leiho zabal eta ederrak dituzten paretak. 1968ko ahalegina gogoan dugu, bai eta horrek eragin zituen eztabaidak ere... eta aurreratu dugu, izugarri gainera! Gure aurrekoek egin zutena gogoratzen dugu, oso egoera zailean eginikoak aitortzen ditugu, berrogeita hamar urte barru, hots, eredu bateratuaren mendeurrenean, bizi diren euskal hiztunek gogoan izango dituzte 2018. urtean, beste belaunaldi batzuek Arantzazun, urriaren 4, 5 eta 6an eginiko ekarpenak? Hori gure esku dago, ezbairik gabe! B. Etxeparek euskara plazan eta munduan nahi zuen. Plazan eta munduan ez dagoen hizkuntzak ez duelako irauterik. Horrexegatik, gaurko belaunaldiok ahalbidetu behar dugu Arantzazutik mundu zabalera gure hizkuntzak urratsak egiten segi di-tzan, gure aurrekoen lekukotza hartuz eta gure ondorengoei eskuratuz.