EGIATASUNA eta balio erantsia dira gehienik erabili diren kontzeptuak, larunbatean Errenterian Jose Miguel Cedilloren ekimenez egin zen bilkuraren ondorengo iruzkinetan. Cedillo, duela 36 urte beste hiru kiderekin batera ETAk erail zuen polizia nazional baten semea da eta urte guzti horiek hortik zehar egon ondoren arrazoi edota mezu argia izan du Errenterira itzultzeko: Bere aita ETAk akatu dituen 800 biktimen zerrenda beltzetik atera eta bakearen bidean jardun dutenenean eranstea. Urrats latza eta aberatsa, bai Cedillo jaunak eman duena eta EHko alderdi eta gizarte ekintzaile guztiek ongi erantzunez erakutsi diotena. Julen Mendoza herriko alkatearekin izan zuen besarkada hunkigarrian negar malko batzuk masailera ez ezik, han eta hemen ditugun prejuizio pila bat erori ziren lurrera. Ikasgai magistrala, aspaldi ekin behar geniona izan arren, oraindik ere garaiz datorrena. Antzeko beste ekimen pila baten erakusgarri izango dela sinestu nahi nuke.
Beste ildo batetik helmuga berera iristeko behar luke izan, egunotan eta Jarrai gazte erakundea sortu zenetik 40 urte betetzen diren honetan, gazte mordo batek -batzuk antolatuak, beste batzuk berekaxa- abian jarri duen ekimena. Milatik gora bildu dira asteburu honetan eta datorren urteko apirilean 19.tik 23.era bilkura erraldoia egiteko lehen urratsak egin eta behin behineko egitarauak zehazten hasi dira. Jakina da Jarrai abian jarri zutenek, 40 urte honetan 60 inguruko andre eta gizonak direla, bizitzan zehar halako edo holako ildoak eraman dituztenak. Alegia, izanen da Maravillas etxea denen gainetik okupatu beharreko eraikina dela uste dutenik edota formal formal Gobernuari itzultzearen aldekoak. Esaera zaharraren arabera: “Adinak ez du barkatzen”.
Barnean argi samar mamurtu arren, ez zait erraza egiten bi iruzkinak lotzea. Arestikoan nabarmena da erakunde armatuaren biktimaren semea zela protagonista eta bigarrenean, gustatu edo ez, erakunde hori babestu duen gazte talde politikoaren oroimena. Eta nire ametsa: armarik gabeko etorkizunaren egiatasuna.