Igande honetan Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako hogeita hiru udalerritan herri-galdeketak egin dira. Orotara 93.000 lagunek izan dute botoa emateko aukera. Nolanahi ere, horietatik %14,81ek hartu dute parte bozketetan. Kontua zera da: bozketa horietan denetarik ageri dela. Alde batetik, udalerri batzuetan erabakitzeko eskubidea jarri da eztabaidaren erdigunean. Beste toki batzuetan, ordea, erabakitzeko eskubidea aitortu ondoren, herri-galdeketa batean aurkez daitezkeen aukera batzuen inguruan eman ahal izan da iritzia. Ondorioz, herri-galdeketen kontu hori erabat era nahasgarrian azaltzen ari da, nire ustez, hots, nik ez diot norabide garbirik antzematen.
Norbaitek, Kataluniako ereduari jarraituz, alde bakarreko herri-galdeketa baten bidez, gure herriak estatu izaera erdietsi dezakeela uste baldin badu, Katalunian egin den bideak irakatsi digu halako bide batek ez daukala inolako aurrerabiderik. Bestalde, erabaki-tzeko eskubidearen inguruabarrean akordio zabal eta zeharkako bat erdietsi gabe, zaila da hemen nola Espainian inolako urratsik egin ahal izatea. Beraz, herri-galdeketen kontu horrek norabide komuna eta aldarrikapen horren inguruan ahalik adostasun sozial handiena erdiesteko, indarrak metatzea eta pedagogia soziala egitea izan beharko lituzke xede nagusitzat. Bestela, aldarrikapena bera desitxuratzeko, indarrak alferrik xahutzeko eta gizartearen zati esanguratsu bat kontra jartzeko arriskua daukagu.
Baina, ez dakit bestelako lehentasunak ez ote dauzkagun, erabakitzeko eskubidearen kontu horretara iritsi aurretik. Gure historia garaikidean lehenengo aldia da Ipar Euskal Herrian eskumen mugatu batzuk dituen Mankomunitatea eratu dena eta, Nafarroan, aldaketarako Gobernu bat dagoena -zeinak irautea guztiz garrantzitsua den-, bi gertaerok erabakigarriak dira, eremu bakoitzaren izaera gordez, Eusko Jaurlaritzarekin batera lankidetzarako espazioak eraikitzeko eta emeki-emeki, sakabanaturik egon diren herritarrak hurreratzen joateko.
Zubietan estatu independente baten alde gehiengo zabal bat egoteak ez ditu Iruñeko, Baionako, Gasteizko, Portugaleteko zein bestelako udalerrietako herritarrak are gehiago hurbilduko, nire ustez.
Ezin dugu gure historia ezabatu, ezin ditugu askotarikoak diren errealitateak desagerrarazi, existituko ez balute bezala jardun. Euskal Herriko lurraldeek ibilbide bat izan dute... eta jatorriz eta pentsaeraz askotarikoak diren pertsonak barruratzen dituzte. Aniztasun hori behar da egokitasunez kudeatu, gehiengo zabala eroso egon ahal izateko moduko adostasun politikoa eta soziala eraikiz... horixe da herri txikiek aurrera egin ahal izateko duten bide eragingarri bakarra, gainerakoa suzirietan denbora galtzen ibiltzea baita, ez besterik!