EZ naiz ni eskuin-ezker ardatza politikan gaindituta dagoen pentsatzen duten horietakoa, are gehiago, uste dut horrelakorik esaten dutenak eskuinekoak direla argi eta garbi, eta haien izaera ezkutatzeko asmotan dabiltzela. Bestaldetik, haien burua definitzeko zentro hitza erabiltzen duten alderdiak ez zaizkit fidagarriak iruditzen, eta espainarrak badira, seguru direla frankismo soziologiko ospetsu horren oinordeko zuzenak. Egia da, era berean, herritarren aurrean ezker bezala agertzen diren alderdi askok ez dutela ezer ezkerretik, onenera jota ere, historia mitiko urrun bat edo aspaldiko sinboloren bat.

Eskuin-ezker ardatza, baina, ez da nahikoa labirinto politikoan ibiltzeko eta beste aldagai batzuk kontuan hartu behar ditugu, tartean nazionalismo maila edo abertzaletasun (hitzaren zentzu zabalean) maila, hau da, dagokion estatuari, edo nazioari, izan Espainia, Euskal Herria, Katalunia edo Armenia, alderdiak dion lotura maila, zeren, ez gaitezen engaina, ez baitago alderdi ez-nazionalistarik. Nahikoa da, gainera, desoreka txikiena, baita maila sinbolikoan ere, lotan zegoen nazionalismoa umore txarrez esnatzeko: adibideak ez zaizkigu falta.

Errepublika-monarkia ardatza ahaztuxe genuen, baina azkenaldian (gogoratu Prestatuaren azken egonaldia Bartzelonan) garrantzia handiko ari da bihurtzen: alderdi guztiek zehaztu egin beharko dute hemendik aurrera zer estatu (izan Espainia, Euskal Herria, Katalunia edo Armenia) eredu proposa-tzen duten. Nazioa alde batera utzita, esan dezaket, irakurri dudan arabera, Kataluniako alderdi independentistak eta EH Bildu errepublikanoak direla, Ciudadanos eta PP monarkikoak; PSOEkoek diote bihotzean (edo pankrean, ez naiz gogoratzen) errepublikanoak direla, baina orain ezin dela edo horrelako zerbait; Ahal Dugu-koek ere errepublikanoak omen dira, baina ez dakit zerbait egiteko prest dauden; EAJ Euskal Herriko Erresuma baten alde ez dagoela uste dut, baina itun foralak eta horrek guztiak kutsu monarkikoa du.

Hemendik aurrera alderdi errepublikanoez edo monarkikoez hitz egitea egokituko zaigu, antza. Ez dago gaizki kontua.