Futbol txapelketak ai-tzakiatzat hartuta, muturreko taldeak ez dakit nola ibil daitezkeen Estatuan nola baita Europan barrena, izua, liskarrak eta beldurra sorrarazten... are zailagoa suertatzen zait barruratzea zenbait futbol taldek halakoak susta-tzeko, sostengatzeko eta noranahi eramateko duten interesa, bai eta errusiarrak datozela eta, horiei aurre egiteko asmoz, hemengo batzuek erakutsi duten jarrera, gauzak onbideratu baino are gehiago nahasi eta korapilatu dituena. Ezen, horixe baita pasa den ostegunean Bilbon gertatutakoaren sorburua, nire ustez.

Baliteke begiz jotako istiluei aurre egiteko zehaztutako polizia-indarrak nahikoak ez izatea. Nolanahi ere, hori ez da erabakigarria. Inork gutxik espero baitzezakeen Errusiatik etorririko ultren alboan, hemengo burugabe batzuk egongo zirena, poliziari eginkizun zutena zailduz eta erago-tziz. Norbaitek eskuin muturrekoei beste ertzean kokatzen direnekin aurre egitea pentsatu bazuen, horrek izua eta beldurra are gehiago zabaltzea besterik ez zuen ekarri... eta halakoetan komeni da dagokionak erantzukizunak hartzea, burua hegalpean ezkutatu beharrean.

Gizartean bestelako arazoak azaltzen diren bakoitzean, gero eta ohikoagoa da hirugarren bati uztea horiei aurre egiteko beharra. Eta futbol taldeek... eta horien gainean dauden federazioek, antolatzaileek ez ote dituzte zuztarretik era honetako jokabideak moztu behar? Hara! Talde baten arrimuan -berdin dio zein den- halako taldeak badaude ez ote litzaioke delako klub horri eskatu behar talde horrekin izan ditzakeen harreman oro moztea? Egin bitartean, ezein txapelketan parte hartzeko aukerak ezerezean lagaz? Eta futbol taldeek erabaki hori hartzen ez badute, federazioak -edo goragoko erakunderen batek- ez ote luke halakoei amaiera emateko neurriren bat hartu behar?

Kontua da futbolaren inguruabarrean sekulako industria antolatu dela -taldeak, publizitatea eta abar-, diru-parrastada xahutzen duena, negozioa -ez kirola edota pertsonen ongizatea- lehentasuntzat daukana. Delako industria horrek bere bideragarritasuna arriskuan ikusiko balu, beharbada jarrera proaktiboa erakutsiko luke, era honetako jokabideak errotik moztuz eta baztertuz... baina ez goaz norabide horretan. Izan ere, futbola eta indarkeria -hainbatetan fisikoa baino berbazkoa dena- lotzen dituen joera hau oinarrizko txapelketetan ere islatzen da. Nork ez du ikusi nerabeen arteko partidaren batean gurasoren bat bere onetik irtenda sekulakoak eta bi esaten dituena?

Nago, aipatutako guztiak behar direla moztu, halakoak jazotzen diren bakoitzean, istiluak sor-tzen dituztenak kanporatuz, partidak etenez eta ikuslerik ez dutela eginez... eta ahalik lasterren hartu behar dira erabakiak, beranduegi izan baino lehen!