Gurasoek erretiroa hartu zutenetik errepikatzen den kontua da. Urtero, lehenbiziko asteetan, Gizarte Segurantzak gutun bat igortzen die hilean jasoko duten pentsioaren zenbatekoa aditzera emanez... eta errepikakorra da egiten duten keinua hilean jasoko duen horrek izango duen aldaketaren berri jasotzean, bai eta bidalitako gutunak, gutun-azalak zein bestelakoek kostu are handiagoa dutela baiezta-tzean... eta iraingarria da, harrigarria bainoago, Espainiako Gobernuko kideek erakusten duten sentiberatasun eza, pentsiodunek, 2012 urteaz geroztik, erosahalmena ez dutela galdu lau haizeetara barreiatzen dutenean.

Espainiaren batezbesteko errentaren gainetik omen daude pentsiodunak, ez daude, beraz, kexatzeko moduan, Europan ez baita halakorik jazotzen. Esan eta harro an-tzean mintzo da Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Seguran-tza ministroa, segur aski berak ez duelako egun pentsiodun askok bizi dituzten zailtasunak inoiz igaroko, gehientsuenek baino dezente gutxiago lan egin arren... eta Europarekin kontuak aldera-tzean, batezbesteko errentaren zenbatekoaz mintzatu beharko genuke, bestelakoetan sartu aurretik. Izan ere, enpleguaren hobetzea, zenbaitetan lan-partzial eta gaizki ordaindutakoen kontura gertatzen ari delako.

Krisiak pobreak are pobreago eta aberatsak are aberatsago bihurtu ditu. Inguruabar horretan, krisia atzean uzten ari garen honetan -ustez-, azpimarratu beharko genuke pentsiodunek egin duten ahalegina, beraiek mantendu baitituzte familia asko, hainbat kide langabezian eta, zenbaitetan, sarrerarik gabe geratu direnean. Bada sasoia, ekonomia onbideratzen ari den honetan, horren onurak ere herritarrek antzemateko, baliabide eta zerbitzu are hobeak eskuratuz.

Baina ez dago halakorik egiteko borondaterik, antza denez. Ditxosozko krisia, erabakiak eta lehentasunak ezartzen dituztenak inoiz hartzen ez dituena, gerrikoa estutzera kondenatu zirenei esker igarotzen ari garenez, formula bera, estutasun hori beharko da mantenarazi beste batzuek eragindako zorrak ordaintzen -eta bide batez, gutxi batzuen poltsikoak ondo betetzen- eta soldata baxuek emendatzera -enpresari ba-tzuen poltsikoak ere ondo hornituz- iristen ez den... eta iritsiko ez den zuloa estali bitartean. Prekaritatea betikotzea, horixe da iradokitzen ari diren formula.

Bistan da hemen hobeto gaudena... baina hemen ere ez gaude suziriak botatzeko moduan! Gugatik horrenbeste egin dutenak behar ditugu are hobeto zaindu, sisteman aldaketak eginez... eta Gizarte Segurantza kudeatzeko eskumena eskuratu behar dugu ahalik arinen, iraganak erakutsi baitu hurbiltasunetik kudeatutako eskumenak are eraginkorrago, pertsonen beharretatik hurbilago kudeatzen ditugula.