Gironaren aurkako partidua Athleticen historian sartu da gertakari gogoangarriak egon ziralako. Alde batetik, Iñigo Martinezek eta Andoni Lopezek euren estraineko partidua jokatu eben lehen taldeagaz. Bestetik, eta hauxe da garran-tzitsuena beste kontu guztien ganetik, Yeray Alvarezek barriro jokatu eban Ligako partidu bat bere gaixoaldia gainditu ostean. Horregaitik bakarrik gogoratuko dogu Montilivin jokatutako partidua, taldeak zelaian emon eban itxurea negargarria izan zan-eta. Ganera, hamar jardunaldi galdu barik kateatu ostean, Zigandaren taldeak partidu tamalgarri bi jokatu dauz bata bestearen atzetik. Eskerrak sailkapeneko jaisteko postuak hamar puntura dagozala, bestela dardakadan hasteko arrazoiak eukiko genduzan taldearen joko negargarria ikusita. Otsaileko lehen astegoiena ez da bape oparoa izan Athleticen talde nagusientzat. Zigandaren taldeak galdu Gironan, emakumezkoak galdu Valentzian eta Bilbao Athletic eta Basconia be galtzaile.
Eibarren aurkako partiduan atzerapausu galanta emotetik etorren Athletic eta garbi egoan entrena-tzaileak zeozer ikutu behar ebala hurrengo jardunaldirako. Zigandak lau zentral eta zelai erdiko bost jokalari sartu ebazan Gironaren aurkako partidurako deialdian, taldeari sendotasuna emoteko asmoagaz edo. Entrenatzaileak goitik behera aldatu eban taldearen egiturea, hiru zentral eta hegaleko bi zelairatuta. Hordago ederra bota eban Zigandak, baina karta barik, eta aurkariak ez eban atzera egin. Seigarren minuturako agirian geratu ziran egitura barriaren hutsuneak eta Girona aurreratu egin zan markagailuan. Partidu osoa egoan jokatzeko baina zuri-gorriak ez ziran gauza izan aurkariaren ate ingurura hurreratzeko be. Ikusitakoaren arabera, Athleticek ez daki joka-tzen markagailua aurka daukanean eta ezta alde daukanean be.
Entrenatzaileak agindutako sistema aldaketak salduta itxi ebazan jokalariak. Iturraspe, Beñat eta enparauak galduta ibili ziran, lekuz kanpo. Ez da erreza uler-tzeko atzealdean hiru debutari -Yeray, Iñigo Martinez eta Andoni Lopez- zelairatzea alkarregaz, jokatzeko sistema aldatu dozun egunean ganera. Athleticek jokoa sortzeko arazo itzelak erakutsi dauz azken jardunaldietan eta gabezia horreek areagotu egin ziran Gironaren aurkako partiduan, baloia atarateko arduraduna Unai Nuñez izan zalako gehienetan. Ondorioz, zuri-gorriek ez eben ia jaurti be egin aurkariaren atera eta holan, jakina, ez dago partiduak irabazterik. Lehen zati negargarria egin arren, entrenatzaileak ez eban ezer aldatu atsedenaldian eta bigarren zatiko hamazazpigarren mintura arte itxaron eban Aduriz eta Susaeta, aulkian eukazan erasoko jokalari bakarrak, zelairatzeko. Hirugarren aldaketea egin barik geratu zan Ziganda, taldearen erasoko jokoa hobetzeko nor zelairatu ez eukalako.
Athleticen joko negargarria ikusita harrigarria bada be, zuri-gorriek hurrago daukiez UEFAko postuak jaistekoak baino. Egoera horrek emoten dauen lasaitasunetik Zigandak eta bere jokalariek hausnarketa sakona egin behar dabe taldearen norabidea alda-tzeko. Athleticek ezin dau holan segidu, iparra galduta dabil-eta. Zaleriak hasarre, oso hasarre amaitu eban San Mamesen jokatutako azken partiduan zuri-gorriek erakutsi eben ezintasunagaz. Zigandaren taldeak hiru partidu jokatuko dauz Katedralean hurrengo lau jardunaldietan. Lehenengoa, datorren barikuan sailkapeneko zuloan dagoan Las Palmasen aurka. Ganera, Europa Leagueko kanporaketako joaneko partidua jokatuko dabe zuri-gorriek datorren astean Moskun. Lemeari sendo oratu eta norabidea aldatzeko ordua da, amildegira barriro hurreratzen hasi gura ez badogu behintzat.